Mexikoko iraultzaz egin gogoeta garaikideak irabazi du sari nagusia

'Revolución' lana izendatu dute Miarritzeko jaialdiko film luzerik onena; hamar film laburrek osatutako film kolektiboa da

Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Kasik milioi bat pertsona hil zituen Mexikoko iraultzak 1910etik 1921era arte iraun zuen. Aurten hasiera haien ehun urte bete direla, Revolución fikzio kolektiboak gaur egungo hamar zuzendari mexikarrek iraultzak utzi aztarnen inguruan egin irakurketa proposatzen du. Horietako bat, Carlos Reygadas, Miarritzera etorri zen aste hasieran filmaren aurkeztera. Este es mi reino izendatu du film laburra. Arratsalde batez lagunak elkartu eta filmatu zituen, gidoirik gabe, inprobisatzea nagusitzen utziz. Emaitza sorginkeriaz josi kaos airos, indartsu eta bortitz bat ere bada. Iraultza bera garai biziki bortitz eta frakaso politiko baten gisa sentitzen du Reygadasek, eta geroztik ere gauzak ez direla hainbeste aldatu deritzo: «Mexiko geroztik ez da tuneletik atera. Ez da agian oraindik tunelaren erdira ere iritsia».

Halere, ez dagoela desesperatzerik uste du egileak. Sinpleki, bizia hor delako, bere laburrean bezala: «Belgikan bizi izan naiz garai batez. Eta belgikarren beldurrak zur eta lur utzi nau. 25 urtetan jadanik hasiak dira erretretari pentsatzen! Lan bat badute, lanik ez ukaiteaz beldur dutelako. Lagunak dituzte, bakarrik egoteaz beldurtuak direlako. Mexikon, aldiz, jendea bizi da. Eta bizia deno, esperantza bada». Fikzio kolektiboak Miarritzeko Latinoameriketako kulturen jaialdiko Abrazo sari nagusia irabazteaz gain, Frantziako zinema munduko kritikarien sindikatuko saria ere irabazi du. Beste sarien artean, Zona Sur fikzioak ukan epaimahaiaren saria dago. Sundance jaialdian saritua, Berlingo jaialdian ere parte hartua du jada. Boliviako La Paz agertzen da filmean, aberatsen auzotik ikusita.

Aitari buruzko galerak

Dokumental hoberena Diario de uma busca obrari eman diote, Flavia Castroren lehen filmari. Filmak Porto Alegre (Brasil) du abiapuntu, eta 1984ko urriaren 5a.Egunkari intimo baten lehen orrialdeak hauxe dio: «Ezker muturreko militanteak Paraguaiko kontsul ohi baten etxean egin lapurreta baten ondoren, bere buruaz beste egiten du». Militante hori film egilearen aita da, eta kontsul ohia, nazi bat, zeinei buruz bere aita ari baitzen ikertzen. Nola? eta zergatik? galderei erantzuten saiatuko da alaba filmean.

Publikoak bozketa bidez hautatu duen dokumental onena, berriz, Patricio Guzmanen Nostalgia de la luz izan da. Epaimahaiek saritu filmak Herriko Kasinoan erakutsiko dituzte gaur.



Sari nagusiak

FILM LUZE ONENA

'Revolución'. Amat Escalante, Carlos Reygadas, Diego Luna, Fernando Eimbcke, Gael Garcia Bernal, Gerardo Naranjo, Mariana Chenillo, Patricia Riggen, Rodrigo Garcia, Rodrigo Pla (Mexiko).

EPAIMAHAIAREN SARIA

'Zona Sur'. Carlos Valdivia (Bolivia).

IKUSLEAREN SARIA

'5 x favela'. Lan kolektiboa (Brasil).

FILM DOKUMENTAL ONENA

'Diario de uma busca'. Flavia Castro (Brasil)

PUBLIKOAREN DOKUMENTALA

'Nostalgia de la luz'. Patricio Guzman (Txile).





Matias Bize.Film zuzendaria

«Maitasun istorio guztiek erabaki bat eskatzen dute»

N.A. Miarritze

Saririk ez du jaso La vida de los pesces fikzio lanak. Baina jaialdi guztietan bezala, hemen ere, sariak ez du dena egiten. Oihartzun ederrak izan ditu obrak. 30 urteko zuzendariaren baitan konfiantza handia dauka zinema munduak. Fikzio hau laugarrena du txiletarrak, eta Arte telebista kateak koproduzitua du. Veneziako jaialditik pasa eta, Miarritzera heldu baino lehen, Brasilgo Rion zegoen eta Miarriztik landa Arabiar Emirerri Batuetara doa. Lehen lehiaketa zuen Miarritzekoa.

Jaialdi honetan film politiko anitz bada, arras lurraldeei lotuak; zurea, ordea, bi hitzez laburbiltzeko, non- nahi gerta daitekeen maitasun istorio baten gisa ikus daiteke, ezta?

Niregandik hurbil diren gaiak aipatzea zait interesatzen. Niri edo nire lagunei gertatuak. Memento honetan, bikoteen arteko harremanak eta, oro har, jendeen arteko harremanak zaizkit interesatzen. Horri buruzko istorioak kontatu nahi ditut. Nire barneko sentimenduak jarriak dira hor. Nire ustez ez baita beste biderik nire lana onesta izateko. Horrela baizik ezin dut egia bat kontatu.

Filma gau bakar batean gertatzen da, eta leku berean.

Hamar urte atzerrian pasa eta Txileko mundua atzematen duenean protagonistari zer gertatzen zaion begiratzea da ideia. Eta bereziki duela hamar urte maitatu neskari begira. Guztiei gertatu zaigu aurkitzea gure aspaldiko bikotekide bat. Istorio horrek egiten du gaia unibertsal. Eta inportanta zait ikusle bakoitzak istorioa etxera eramatea. Hori gertatu zaie batzuei, emozionatu direla erran didate. Eta zuzendari gisa, gertatzen ahal zaidan gauzarik ederrena da hori.

Zure protagonistek 30 urte pasatxo dituzte, eta bikotearen maitasunaz harago, aitzakia bat ere bada, bizian egiten diren hautuen ondorioei buruz mintzatzeko, ezta?

Zer gertatzen da hautu horiekin? Horretaz mintzo da filma, baita biziak eskaintzen dituen bigarren aukerez ere. Maitasun istorio guztiek erabaki bat eskatzen dute. Nihaurek ere 30 urte ditut, eta orain iristen ari da mementoa, non eta hautu bakoitza garrantzitsuagoa bihurtzen ari baita.

Gaztea zara, eta bizkitartean lau fikzio eginak dituzu. Zu bezalako anitz daude Txilen?Erraza da zinema egitea Txilen?

Lehena dirurik gabe egin nuen, Sábado, eta anitz bidaiatu zuen eta anitz sari irabazi zituen. Eta ondokoek ere izan dute beren arrakasta. Baina Txilen, beste leku guztietan bezala, filmen egitea ez da erraza. Horiek horrela, nik hasieratik bereziki gidoiari, aktore lanari eta musikari diet garrantzi gehien ematen. Hori bai, denbora behar da. Gidoi hau idazteko urtebete hartu dut; bost aste filmatzeko; zortzi hilabete irudia lantzeko. Baina guztia etxe bakar batean filmatua da, beraz, ez da produkzio handirik behar izan. Kanpoko elementuak hitzen bidez azalduak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.