Ezkilek adierazten dute: gutxi falta da zeremonia hasteko. Isil daitezela fedearen gainbeheraz ari diren horiek, jendeak zerbaitetan sinesten du, edo bestela galdetu igandean Anoetako loriazko katedralera gerturatuko diren milaka lagunei. Organoaren faltan, U2k jarriko du musika; sermoia eta kantuen ahotsa, Bonoren kontura. Ekitaldia, dena den, New Yorkeko Interpol taldeak hasiko du, indie rock doinuekin.
Bost urteren ostean, Donostian izango dira berriro irlandarrak, Zinemaldia amaitu eta biharamunean. Dena den, agertokian ez da pantailarik faltako, eta 360 gradutan ariko dira biraka. Horregatik du 360&fraq14; Tour izena U2k No Line on the Horizon (2009) lan berria aurkezteko antolatutako birak.
2009an hasi zuten bira, Europan, eta gero AEBetan eman zioten segida, baina urrian atseden hartu behar izan zuten, Bonoren bizkarrezurreko lesio bat zela medio. Aurtengo abuztuaren 6an itzuli dira berriro agertokietara, eta hurrengo urtean ere bira berarekin jarraitzeko asmotan dira. Disko berriari garrantzi berezia ematen badiote ere, ibilbide osoaren errepaso zabala egiten dute kontzertuetan jotzen dituzten 22-24 kantuetan. I'll Go Crazy If I Don't Go Crazy Tonight, Beautiful Day, Get On Your Boots, Magnificent, Vertigo,One,Where the Streets Have No Name, Sunday Bloody Sunday... orain arteko emanaldietan gehien jo dituzten abestiak dira.
Zelaiaren erdian eraikitzen duten egitura The Clawizenez bataiatu dute (atzaparra), eta pantaila birakariaz gain, egitura osorako argi sistema bat eta eszenatokiko sekzio bakoitzerako audio sistema bat ere baditu. Inoiz eraiki den agertoki handiena da: 50 metroko garaiera heltzen da, eta 30 kamioi behar dira material guztia garraiatzeko. The Rolling Stonesek A Bigger Bang Tour-en erabilitakoa zen orain arteko handiena.
U2 ez da lehen egindakotik bizi den taldea, eta disko bakoitza «lehena balitz bezala» lantzen dute, Bonok 2009ko elkarrizketa batean azaldu zuenez. «Guretzat errazagoa da arrakastatsuak izatea, nabarmenak izatea baino. Jimmy Iovinek behin galdetu zigun: 'Zuen disko guztiak lehendabizikoa bezalakoak izango al dira?' Eta hala da». Taldearen sortzaileetako The Edge gitarra jotzailearen ustetan, «garrantzitsuena ez da dirua». «Erraza litzateke dena diruagatik bakarrik egitea; bide batez esanda, gehiegi ordaintzen digute. Jendearentzat garrantzitsua izango den disko bat egitea da ideia. Guretzat ere izan dadila garrantzitsua. Alda dezala mundua, pixka bat bada ere».
Asmo horretan, kontzertuetatik haratago joan da Bono, eta ongintzazko ekintzak antolatzen aritu da buru-belarri. Gainera, munduan pisu handia duten pertsonekin bildu da, bere kezkak azaltzeko eta eztabaidatzeko. 2005ean eta 2006an Bakearen Nobel sarirako izendatu zuten, eta aurtengo apirilean Atlantic Councilek aipamen berezia egin zion abeslariaren lan humanitarioari. «Erabat babesten ditudan gauzak bakarrik egiten ditut, U2rekin inongo zerikusirik ez dutenak». Askok heroitzat daukate, beste askok ez dute gustuko haren mesias alderdia. Mick Jaggerrek esan zuen behin, ironiaz: «Bono poeta bat da, filosofo bat. Eta uste dut atzo gauean ur gainean oinez ikusi nuela».
INTERPOL + U2
Eguna: Irailaren 26a, igandea.
Ordua: 17:30 (ateak ireki).
Lekua: Anoetako estadioa (Donostia).
Prezioak: 30-95-150 euro (eserlekuerreserbatua), eta 55 euro (pista).
MUSIKA
Meza nagusia Anoetan
Hogeita hamar kamioi beharko dira U2 taldeak Anoetako estadioan emango duen kontzertuaren agertokia garraiatzeko; 50 metro ditu, eta inoiz muntatu den handiena da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu