Miarritze, Kolonbiari begira

Latinoamerikako Kulturen Jaialdiak dokumentalak eta fikzio lanak emango ditu hilaren 24tik 30era

Victor Kossakovskyren ¡Vivan las Antípodas! (Argentina, Txile, Alemania) dokumentaleko irudi bat. POTEMKINE FILMS.
Nora Arbelbide Lete.
Miarritze
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Urte batzuk besteak baino hobeak direla onartzea errazago da urtea ona delarik. Hala dirudi Miarritzeko Latinoamerikako Kulturen Jaialdiari dagokionez. Marc Bonduel jaialdiko ordezkari nagusiak azalpen horrekin aurkeztu du aurtengo uzta. «Urte handia da Latinoamerikako zinemarentzat», esan du. Eta partikularki Kolonbiarentzat. Usaian, Kolonbiak urtean hamabost bat film ekoizten ditu, eta aurten, berriz, 35 film ditu. Oparotasun horren lekuko izanen da jaialdia.

Aurten, jaialdiak 21. aldia izanen du, eta irailaren 24an hasi eta 30ean bururatuko da. Lehiatuko diren fikzio lan, dokumental eta film laburrak indar berri horren lekuko izango dira, eta lehiaketaz kanpoko leiho bat ere proposatuko dute, Kolonbiako hamar filmekin.

Oro har, Latinoamerikako aniztasunaren ordezkari den hautaketa bat egitea erabaki dutela azaldu du Lucile de Calan-ek, programazioaren koordinatzaileak. Herri anitzen ordezkari, adin guztiena eta baita estilo anitzena. Lehiatuko diren fikziozko lanen artean, adibidez, Adrian Saba perutarraren (23 urte) El limpiador filma dago: gurasoak galdu dituen haur bat jasotzen duen garbitzaile baten istorioa kontatzen du. Alejandro Bruguesek, Juan de los muertos filmean, zonbiz betetako Habana (Kuba)aurkeztu du. Pablo Larrainek,berriz, No fikzioan, non Gael Garcia Bernal aktorea ageri den, Txilek 1988an Pinocheten agintaldia luzatu ala ez jakiteko antolatu erreferenduma du oinarri. Ezezkoaren aldekoek abiatu kanpaina segitzen du. Zehaztu daiteke, agian, jaialdiko lau film Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean ere izangodirela: Aquí y allá, La demora, La playa eta Elúltimo Elvis.

Film garaikideetatik film historikoetara, jaialdiak Gabriel Figueroa zinema argazkilari eta zuzendari mexikarraren bi film eskainiko ditu. Batetik, Cannesko Urrezko Palma ukan zuen María Candelaria (Emilio Fernandez, 1943) eta, bestetik, Luis Buñuelen Los olvidados (1950).

Zinematik literaturara. Liburuen saila indartuko dute aurten. Abilio Estevez idazle kubatarra, Hernan Rivera Letelier txiletarra, Santiago Gamboa kolonbiarra eta Laura Alcoba idazle argentinarra etorriko dira jaialdi denboran frantsesera itzuli berri dituzten liburuak aurkeztera. Lehen aldiz larunbatarekin, idazleekin azoka antolatuko dute Kasinoko Enbaxadoreen gelan. Halaber, omenaldi berezi bat eginen diote aurten zendu den Carlos Fuentes idazle mexikarrari.

Usaian bezala, musikak bere tartea ukanen du, eta gauero kontzertuak proposatuko ditu jaialdiak. Beti Kasinoan, eta beti urririk. Artista gomitatuen artean, Gotan Project taldeko Philippe Cohen Solal DJa, Flavia Coelho brasildarra, Pity Cabrera jazz estiloan murgiltzen den pianista, eta Radio Novako RKK DJa, zeina Brasilgo musikan espezializatua den.

Hitzordu berezien artean, Maria Faviana Cochoy Alva eta Pedro Celestino Yac Noj maia kulturako herritarrek beren kultura aurkeztuko dute hilaren 26an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.