Micah P. Hinson eta The War on Drugs, Homeless Festivalaren lehen apopiloak

Texasko kantariak Pixiesen 'Trompe le Monde' diskoa joko du, The Pioneer Saboteurs taldeak lagunduta

Jon Eskisabel.
Donostia
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Ez du etxerik, edo ez etxe finkorik behintzat. Horregatik jarri diote Homeless Music Festival izena. Kontzertuak «ezohiko lekuetan» antolatzea eta «zuzeneko musikaren emozioa eta ustekaberako gaitasuna berreskuratzea» dira Donostiako jaialdiaren bultzatzaileek —Gintonic promotorea— bilatzen dituzten helburuak. Jaialdia estreinatzeko aukeratu duten lekua Igeldoko jolas parkea da. Han, Micah P. Hinson kantaria eta The War on Drugs taldea ariko dira gaur, 21:00etatik aurrera. Sarrera 16 eurotan dago salgai.

Azken urteotan hainbat aldiz izan da Micah P. Hinson euskal agertokietan, baina gaurko emanaldia berezia izango da. Texasko kantariak albo batera utziko du eszena independentean ezagun egin duen country folk iluna, eta 80ko hamarkadaren amaierako rock alternatiboaren oinarriak jarri zituen Pixies taldearen azken diskoa, Trompe le Monde (1991), joko du osorik, The Pioneer Saboteurs taldeak lagunduta. Izen horren atzean, Espainiako Tachenko pop taldeko kideak daude. Joan den uztailean Bilbon eta Donostian aritzekoak ziren Micah P. Hinson & The Pioneer Saboteurs, baina auto istripu baten ondorioz bertan behera utzi behar izan zituzten kontzertuak.

The War on Drugsek Donostian emango dio hasiera Europako birari. Slave Ambient bigarren diskoa kaleratu berri du Filadelfiako (AEB) taldeak, eta berau aurkezteko 20 kontzertu eskainiko ditu irailean Suedian, Erresuma Batuan, Belgikan, Herbehereetan, Alemanian eta Frantzian. Bob Dylan, Bruce Springsteen eta psikodeliaren arteko nahasketa egiten du taldeak, eta bere lan berria oso kritika onak jasotzen ari da nazioarteko musika aldizkarietan. Hauxe izango da Donostian jotzen duen bigarren aldia, 2009an Zurriolako hondartzan aritu baitzen Jazzaldiaren barruan —ekitaldi hartan Micah P. Hinsonek ere hartu zuen parte—.

Homeless Music Festivalaren hurrengo kontzertuak banan-banan iragarriko dituzte antolatzaileek. Kontzertu «bereziak» izango direla besterik ez dute aurreratu oraingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.