Donostiako 67. Zinemaldia

‘Mientras dure la guerra’ eta 'Proxima', Sail Ofizialeko lehian

Alejandro Amenabarrek, 'Mientras dure la guerra' filma egin du, arreta jarrita Miguel Unamuno idazleak 36ko gerraren hasieran izan zuen jarreran. Alice Winocourrek misio espazial baterako aukeratu duten emakume baten eta haren alabaren arteko harremana kontatu du 'Proxima'-n

Mientras dure la guerra. DONOSTIAKO ZINEMADIA
mikel lizarralde
2019ko irailaren 21a
17:16
Entzun

1936ko uztailean, Francisco Francok eta beste jeneral batzuek Errepublikaren kontrako kolpe militarra egin zutenean, Miguel Unanumo idazleak babestu egin zuen altxamendua. Errepublikak hartutako norabidearekin ados egon ez, eta militarrek “ordena” ekarriko zutelakoan zegoen. Unamuno Salamancako (Espainia) Unibertsitateko errektorea zen orduan, eta, indar nazionalak bertara iritsi zirenean bestela uste bazuen ere, berehala ohartu zen jazarpena, atxilotzeak eta hilketak jasan beharko zituztela Errepublikaren alde egon zirenek, eta baita “Espainia kristauaren” alde ez zeudenek ere.

Mientras dure la guerra filmean, Alejandro Amenabar zinemagileak ahalegina egin du 1936ko uztailetik urrira bitartean Salamancan gertatutakoak kontatzeko, betiere Unamunoren figuran (Karra Elejalde) zentratuta. Atxilotu egingo dituzte Atilano apaiz protestantea, eta Salvador, unibertsitatean lagun duen literatura irakasle ezkertiarra, eta berak  —nahiz eta haiekin eztabaida politiko eta filosofiko luzeak izaten dituen— haien alde egingo du, baita Francoren aurrean ere.

Amenabarrek Unamunoren figura hartu du ardatz, baina kolpisten artean izan ziren eztabaidak eta boterea lortzeko borrokak ere azaleratu ditu filmean.

Karra Elejaldek bete du filmean Unamunoren rola, eta Eduard Fernandezek interpretatu du, bestalde, Jose Millan Astray, legioaren sortzailea eta Unamunorekin berarekin Salamancako Unibertsitatean liskarra izan zuen militarra.

Astronauten egunerokoa

Oso bestelakoa, intimistagoa, da gaur Sail Ofizialean aurkeztu duten bigarren filma: Alice WinocourrenProxima. Sarah (Eva Green) frantziarra mundu osoko astronautak bilduko dituen Marterako misio baterako aukeratuko dute. 7 urteko alaba Stellarekin bizi da Sarah, eta biek jakingo dute hainbat hilabetetan, Sarahk Errusian entrenamendua jasotzen duen bitartean, bananduta egongo direla. Winocourrek eguneroko horretan jarri du begirada filmean.

Filmak oso harrera ona izan du gaur eguerdiko emanaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.