Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatzen dute literatura saria 1998az geroztik, eta idazle gazteak hauspotzea du helburu. 6.000 euroko diru laguntza jasoko du Ayllonek (Laudio, Araba, 1980); erdia orain, eta gainerakoa lana osatuta duenean. Gaur arratsaldean emango diote oroigarria Beasaingo Igartza jauregian egingo den ekitaldian, eta, ondo bidean, 2015 urtearen hasieran kaleratuko du liburua. Normalean dozena bat proiektu aurkezten dira bekara, baina aurten 25 jaso ditu Uxue Alberdik, Igor Estankonak eta Xabier Etxeberriak osatutako epaimahaiak.
Ez tiro egin anbulantzari izena jarri dio Ayllonek proiektuari, eta nahiko garaikidea iruditzen zaio egileari. "Uste dut agerikoa dela aldaketa bat bizi dugula maila guztietan; eta ez soilik Euskal Herrian eta arlo politikoan. Agerikoa da hemen eta mundu osoan, maila ekonomikoan, kulturalean...". Pentsatzen du Ayllonek munduari begiratzeko izandako "manerak" krisian daudela, eta beste zerbaitek etorri beharra daukala. Horren gainekoa da hausnarketa. Ez du toki ezagunik aipatzen, Mendebaldeko zibilizazioan garatzen den arren. "Beraz, ez du inporta protagonistak non bizi diren".
Gerard eta Silvyeren istorioa kontatzen du. "Momentu batean Silvyek argi ikusten dugu garai amaiera bat bizi dugula, eta bultzada bat sentitzen du garai berriei bide emateko". Hautu horren ondorioz Gerard ezagutuko du. Baina une batean beldur bat sentitzen du emakumezkoak, eta sentituko du traizio egiten diola buruan zuenari. "Horrek ondorio gogorrak eragingo dizkie biei".
Kronologikoki beharream, atzekoz aurrerako kontaketa egin du Ayllonek. Horren helburuetako bat da, idazlearen esanetan, pertsonaiak biluzik aurkeztea. "Hartara, irakurleak ez ditu hainbeste elementu edukiko haiek epaitzeko". Garai aldaketari buruz hitz egiteko fikzioa aukeratu du, "errealitateaz hausnartzeko biderik onena dela iruditzen zaidalako".
Ayllonek kazetari lan egin du Hala Bedi irratian eta Gararen gazte gehigarrian, besteak beste, eta 2005ean euskal mugimenduaren kriminalizazioari buruzko Gerezi gorrien garaia saiakera kaleratu zuen Paul Asensiorekin batera. 2001ean Baltasar Garzonen aginduz atxilotu zuten Ayllon Haika erakundekoa zelako, eta urte erdi pasatu zuen espetxean. Epaiketa egin zenean aske geratu zen.