musika

Mikel Laboa eta Itoiz, Donostiako Musika Hamabostaldiko protagonistak

Abuztuaren 8an 'Laboaren mundua' ikuskizuna eskainiko dute Victoria Eugenia antzokian. Leku berean, abuztuaren 25ean, Itoiz taldearen abestiak bertsio sinfonikoan entzungai izango dira.

2009ko ekainaren 15a
15:01
Entzun
Donostiako Musika Hamabostaldiko aurtengo edizioak Euskal Herriko musikaren bi ardatz omenduko ditu: Mikel Laboa abeslaria (Donostia, 1934-2008) eta Itoiz euskal taldea. Abuztuaren 4tik irailaren 5era bitarte ia ehun ekitaldi egingo dituzte Musika Hamabostaldian.

Abuztuaren 8a izango da Laboa omentzeko eguna. Abeslariari buruzko erakusketa eta mahai-inguruak egingo dituzte. Iluntzean, Victoria Eugenia antzokian, Laboaren mundua ikuskizuna eskainiko dute, Josetxo Silguerok zuzenduta. Iñaki Salvadorrek, Bernardo Atxagak eta Ruper Ordorikak ere parte hartuko dute.

Itoizen abestien bertsio sinfonikoak entzungai izango dira abuztuaren 25ean. Itoiz Suite aurkeztuko dute Victoria Eugenian. Taldeak 70eko eta 80ko hamarkadetan ospetsu egindako kantuak berridatzi ditu Juan Carlos Perez taldeko kantariak; bertsio sinfonikoan oraingoan. Bilboko Orkestra Sinfonikoak interpretatuko ditu.

Horretaz gain, Daniel Barenboim, John Eliot Gardiner, Maria Joao Pires eta musika klasikoko beste hainbat artistek eskainiko dituzte kontzertuak Donostian.

Musika aitzaki zikloaren barruan hainbat kontzertu egingo dituzte inguruko hainbat herritan. 1900-1936: Abangoardia aroa zikloaren barruan, esaterako, kontzertuak eskainiko dituzte; besteak beste, Ziburun, Miarritzen eta Kanbon (Lapurdi). XX. mende hasieran Donostia-Miarritze eremuan izan zen kultur loraldia gogora ekarri nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.