Musika

Mikel Laboaren 'Lekeitioak', CDan

Gaur aurkeztu dute "euskal kantagintzaren aitzindaririk enblematikoenaren" lanaren egokitzapena. Musikariak dio laneko pieza batzuek Lekeitioko "hizkeraren musikaltasuna" dutela "oinarrian".

2007ko azaroaren 22a
16:06
Entzun
Elkar argitaletxeak Mikel Laboa musikariaren Lekeitioak diskoa CD formatora pasatu du, eta gaur aurkeztu du Lekeitioko (Bizkaia) udaletxean. "Euskal kantagintzaren aitzindaririk enblematikoenaren diskogintzan eguneraturik gabe zegoen diskoa, eta CD formatora egokitzea ezinbesteko lana genuen gurean", esan du Angel Valdes Elkarren arduradunak. "Alde batetik, hura zen euskarri berrira egokitzeko falta zen bakarra eta, bestalde, 'Lekeitioak' konzeptuaren azpian Mikel Laboaren esentziarik berezkoena gordetzen da, bere mundu imaginarioa, imitaezina eta oraindik ere erabat berrizalea eta trasgresorea".

Laboak berak txikitan Lekeitiora joaten zela gogoratu du, eta oroitzapen onak dauzkala. "Harreman estua izan genuen herriarekin, ondo tratatu gintuzten. Gure ama zazpi seme-alabekin baserri hartan ihesi geundela [Espainiako Gerra zela-eta], eta nola hartu gintuzten... Hori oso zaila da ahazten". Laneko pieza batzuek hango "hizkeraren musikaltasuna dute oinarrian", musikariaren ustez. Kanten artean bik baino ez daukate oinarrian poema bat: Lekeitio 3-k eta Lekeitio 10-ek, Laboak dioenez. "Gainerakoan, hitza jolasa da ".



Egokitze lanean, 1988an LP bikoitzeko formatoan kaleratutako lanez gain, bere aurreko eta geroko diskoetan ageri diren ildo bereko kantu figuratibo esentzialenak bildu nahi izan ditu Laboak, nolabait bere sorkuntzarik intimoena bateratu eta dokumentatu nahian.

Jose Luis Zumeta eta Bernardo Atxaga bidaia-lagun izan ditu bilduma honetan ere. Zumetaz gain, aurkezpenean han izan dira, besteak beste, Ruper Ordorika eta Xabier Montoia musikariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.