Gaur gauean amaituko da Donostiako Zinemaldia, sari banaketarekin, eta BERRIA.INFOren eta Hamaika Telebistaren Zinemaldi@n saioak gaur izan du azkenaurreko atala. Zuzenean ikusi ahal izan da 11:30etik aurrera BERRIA.INFOn, eta egun osoan zehar ere ikusi ahal da webgunean. Hamaika Telebistak 22:00etan eskainiko du saioa. Gaurkoa zortzigarrena izan da; biharkoa, azkena. Atal guztiak 11:30ean hasi badira ere, igandekoa 10:30ean hasiko da.
Hamaikak eta BERRIAk lehengo asteko ostiralean ekin zioten Z!nemaldi@n programa zuzenean eskaintzeari, Kursaaletik.
Gonbidatuak
- Lehen saioan Maialen Beloki Zinemaldiko aukeraketa batzordeko kidea eta Ramon Agirre aktorea (Amour) izan ziren gonbidatuak.
- Bigarrenean Juanmi Gutierrez (Mur-mur) eta Berta Gaztelumendi (Mariposas en el hierro).
- Igandean, Kandido Uranga (Baztan) eta Igor Otxoa (Pura vida).
- Astelehenean, Fermin Muguruza (Zuloak) eta Oscar Alegria.
- Asteartean, Gorka Otxoa eta Sara Cozar (Bypass).
- Asteazkenean ez zen saiorik izan, grebagatik.
- Ostegunean Izaskun Arandia (To say goodbye) eta Aizpea Goenaga (Etxepare) izan ziren gonbidatuak.
- Atzo Bernardo Atxaga eta Joxeanjel Arbelaitz (Leku hutsak, hitz beteak filmaren egileak).
- Gaur, Mikel Rueda eta Koldo Almandoz zinemagileak.
Euskarazko saio bakarra
Zinemaldiari buruzko zuzeneko telebista saio bakarra da, eta euskarazko bakarra ere bai. Inaxio Esnaola Hamaikako aurkezlea eta Urtzi Urkizu BERRIAko kazetaria dira ekoizle eta zuzendariak. Esnaola, gainera, aurkezle ere ari da. Lara Madinabeitia (BERRIA) eta Leire Ferro ere (Hamaika Telebista) ari dira lantaldean.
Programako edukiaren oinarria bi solasaldi dira. Bi solasaldi horietako batean, zinema adituak, kritikariak, kazetariak eta zinemaldiko filmak ikusi dituztenak egongo dira; esate baterako, Gontzal Agote BERRIAko kritikaria. Agotek Sail Ofizialeko filmen kritikak egingo ditu, eta bi egunetik behin egongo da programan.
Gehienbat Sail Ofizialeko filmak aztertuko badituzte ere, Zabaltegikoak, Zinemirakoak eta beste sail batzuetakoak ere aztergai izango dituzte. Beste solasaldian, nagusiki, aurkeztuko diren Euskal Herriko filmen zuzendari eta aktoreak izango dira —batik bat, Zinemira eta Zabaltegi sailetakoak—.