ZINEMA. OSCAR SARIAK

'Million Dollar Baby' nagusi Oscar sarietan

Clint Eastwooden lanak jaso ditu sari nagusiak, tartean zuzendari eta film onenari emandakoak, eta Scorsese esku-hutsik gelditu da berriro

AGENTZIAK
LOS ANGELES
2005eko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Gau biribila izan zen atzokoa Clint Eastwoodentzat. Argi zegoen Million Dollar Baby eta The Aviator filmen arteko lehia estua izango zela; sari nagusiak nork eskuratuko zituen inork ez zekien, ordea. Zazpi izendapen zituen Eastwoodek zuzendutako Million Dollar Baby-k, eta horietatik lau eskuratu zituen (film onena, zuzendari onena, emakumezko aktore onena eta bigarren mailako gizonezko aktore onena). Bat gehiago lortu zuen Martin Scorseseren The Aviator lanak; ez hain garrantzitsuak, ordea (argazki onena, bigarren mailako emakumezko aktore onena, muntaia onena, arte zuzendari onena eta jantzi onenak).

Horrenbestez, Eastwood izan zen gaueko irabazle nagusia, eta Scorseserentzat ez ziren gauzak nahi bezain ongi joan. Zenbaitek Hollywoodeko Zinema Akademia Scorsese zuzendari estatubatuarrarekin eskuzabal izango zela uste bazuten ere, beste behin ezin izan zuen zuzendaririk onenaren Oscarra erdietsi. Hala, Alfred Hitchcock eta Robert Altmanen marka berdindu du, hirurak ere bost aldiz egon baitira hautagaien artean, eta inoiz ez dute irabazterik lortu. Clint Eastwoodek bigarren Oscarra lortu zuen zuzendari gisa egindako lanagatik; lehenengoa 1992an jaso zuen, Unforgiven filmarekin. Hala, 74 urterekin, Oscarra jasotzen duen zuzendaririk zaharrena bilakatu da Eastwood. «74 urte ditut, baina oraindik asko dut egiteko», azpimarratu zuen Eastwoodek saria eskuan zuela. Ondoren, finantzariei zuzendari helduak ez ahazteko eskatu zien. Eastwood hasia da dagoneko bere hurrengo filma prestatzen, Flags of our father izenburua izango du, eta II. Mundu Gerran oinarritzen da.Aurreikuspen guztiak beteta, gizonezko aktore hoberenaren Oscarra Jamie Foxxek erdietsi zuen, Ray-n egindako lanagatik. Emakumezko aktoreen artean, orain dela sei urte gertatu zen bezala, Hilary Swank eta Annette Bening ziren faborito nagusiak. Orduko hartan, Oscarra Swankentzat izan zen (Boys don't cry). Atzo ere biek zuten izendapen bana; Swankek Million Dollar Baby filmean egindako lanagatik, eta Annette Beningek Being Julia-gatik. 1999koa errepikatuz, saria, beste behin, Swankentzat izan zen. Esker-emate hitzaldian, Eastwoodekin berriro lan egitea izugarri gustatuko litzaiokeela adierazi zuen Swankek.Bigarren mailako gizonezko aktorerik onena Morgan Freeman (Million Dollar Baby) hautatu zuten; emakumezkoen artean, berriz, Cate Blanchet (The Aviator) izan zen garaile. Argazki onenaren saria The Aviator-entzat izan zen, eta animazio film onenarena The Incredibles-entzat.

'7:35 de la mañana' film laburrak ez du saririk lortu

Ingelesez besteko filmen sailean, kinielek bete-betean asmatu zuten. Alejandro Amenabarren Mar adentro filma izan zen nagusi. Amenabarrek Ramon Sanpedro filmeko protagonistari eta Javier Bardem aktoreari eskaini zien Oscarra. Era berean, Zinema Akademiako kideei ere esker ona azaldu zien. Amenabarren hitzetan, «bai Million Dollar Baby-k bai Mar adentro-k eutanasiaren gaia jorratzen dute, eta Akademiak ausardia handia erakutsi du bi filmak sarituz».

Nacho Vigalondok zuzendu eta Ibarretxe & Company euskal ekoiztetxeak ekoitzi duen 7:35 de la mañana film laburrak ez zuen lortu Oscarra Eusko Jaurlaritzaren Kimuak 2003 programan parte hartu du. Vigalondoren filma, Everything in this country must, Little terrorist, Two Cars, one night eta Wasp lanekin batera izan zen lehian. Azkenean, Andrea Arnoldek zuzendutako Wasp nagusitu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.