Musika

Minari amaiera emateko biluztea

Bi heriotza, harreman baten haustura eta suizidio saiakera bat. Mina eta samina dario Sarah Mary Chadwick musikariak azken bi urteetan ondu duen trilogiari. 'Me and Ennui Are Friends, Baby' du azken alea.

Sarah Mary Chadwick abeslari eta pianista. BERRIA.
mikel lizarralde
2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun

Sarah Mary Chadwick musikari zeelandaberritarrak ez dio beldurrik bere barne mamuak filtrorik gabe zabaltzeari. Kantuen bidez adierazten du ez bakarrik zer sentitzen duen, baita zer gertatu zaion ere. Ezkutuan gelditu gabe. 2019an The Queen Who Stole The Sky diskoa kaleratu zuenetik, haren lanak biluzte ariketa zirraragarri bezain katartikoak bilakatu dira, musikariak behin baino gehiagotan sentitu duen itomenaren emari. Musikariaren azken diskoak, Me and Ennui Are Friends, Baby-k (2021), areagotu egiten du Chadwick bere kantuetan biluztu egin delako sentsazioa, biluzte emozionalari biluzte musikala ere gehitu baitio, piano eta ahots hutsez agertuta.

 

«Nire managerrak hitz batzuk eskatu zizkidan azaltzeko lehen singlea zertaz zihoan. Baina zertarako? Hor dena esanda dago». Bere hitzen ezkutuko esanahiak azaltzeko promozio orririk behar ez duen musikaria da Chadwick. Azken bi urteetan ondutako trilogian —2020ko Please Daddy-k osatzen duena— hitz egin du aitaren eta lagun min baten heriotzaz, hautsitako harreman batez, baita bere buruaz beste egiteko saiakera batez ere. Gainera, Chadwick ez da saiatzen bere esperientziak unibertsalizatzen, jakitun baita bereak partikularrak direla. Horren erakusle nabarmena da Me and Ennui Are Friends, Baby kantua bera, 2019ko abuztuan bere burua hiltzen saiatu zenekoa kontatzen duena: «Hiltzeari beldurra diot / baina horrek ez dit galaraziko saiatzea. / Guztiarekin amaitzen ahalegindu nintzen / Aspaldi saiatu gabea nintzen / 2019ko abuztuaren 11». Badaki Chadwickek halako gertaerak kantu batean haizatzea ez dela kontu erraza: «Ez da 21 urte bete dituzula kontatzea, edo unibertsitatean graduatu zarela. Ez da gertaera huts bat; gertaera batzuen ondorioa da».

[youtube]https://youtu.be/4b2PeKEI8vk[/youtube]

Pianoaren laguntza hutsarekin, bere bizitzak kantuetatik alde egingo balio bezala kantatzen du Chadwickek disko osoan. Garratz askotan (A Mother's Love), bortitz besteetan, karrankari zenbaitetan (That Feeling Like), baita leun une batzuetan ere (Full Mood, At Your Leisure), baina gozotasunari tarte bat ere utzi gabe. Tristura eta samina nabaritzen baitira bere ahots sarritan urratuan, pianoak nabarmendu besterik egiten ez duen min bat. «Disko zuzen bat egin nahi nuen, bat-batekoa izango zena. Energian eta interpretazioan jarri nahi nuen nire indar guztia». Izan ere, bere bakarkako ibilian egin duenaren kontrara, Please Daddy bere aurreko diskoan hariak, bateria, gitarra eta baxua biltzen zituen banda batek lagundu zuen estudioan. Nolanahi ere, azken hiru diskoek bere garai bat definitzeko eta ixteko balio izan dutela uste du musikariak. «Garai zaila bizi izan dut, eta denboran mugatu izana lagungarria izan da niretzat. Hiru diskotan jaso dut bizitakoa, eta orain pozik nago hortik alde egin dudalako».

[youtube]https://youtu.be/HiNBTapTNYI[/youtube]

Disko horiek jarri dute lehen planoan Chadwick, baina Zeelanda Berrian jaio eta Melbournera mugitutako musikari honen ibilbidea askoz lehenago hasi zen. 2000ko hamarkadan Batrider taldea gidatu zuen, «post-grunge» etiketarekin definitu zuten proposamena. 2004tik 2011ra lau disko luze argitaratu zituen taldeak, eta haietan gitarretan oinarritutako rockera jotzen bazuen ere, zenbait kantutan agerikoa zen Chadwickek bakarkakoan hartuko zuen norabidea ere.

2012an, berriz, Eating For Two argitaratu zuen, bere izenpean grabatu zuen aurreneko diskoa, eta orduz geroztik, beste sei kaleratu ditu, nortasun handiko artista baten testigantza ematen dutenak guztiak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.