Minari derrigor lotutako poeta

Duela 50 urte hil zen Salbatore Mitxelena, 36ko gerraren osteko aurreneko euskal idazlea

Salbatore Mitxelena, Imanol Unzurrunzagak idatzitako biografia jasotzen duen liburuko argazki batean. BIDEGILEAK BILDUMA.
Juan Luis Zabala
2015eko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Hamar urte iragan ziren 36ko gerraren amaieratik euskarazko aurreneko liburuaren argitalpenera arte. Ezin bestela izan, eta muinetaraino zuen txertatua gerrak eragindako mina liburu hark, Salbatore Mitxelenaren Arantzazu, euskal poema-k (1949). Min hura ezin gainditurik, herri baten bizi nahi eta bizi ezinaren lekuko gisa geratu da Salbatore Mitxelena euskal poesiaren eta euskal literaturaren historian. Zarautzen jaio zen (Gipuzkoa), 1919an, eta duela 50 urte hil zen, La-Chaux-des-Fonds herrian (Neuchatel, Suitza), 1965eko abenduaren 28an.

«Gerraondoko gure lehen idazlea da, baina are gehiago dugu gerra horren ondorio eta emaitza», idatzi zuen Koldo Izagirrek 2000. urtean, XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman Salbatore Mitxelenari eskainitako liburuaren hitzaurrean. «Ezin du sortu heriopsikosian baino, bizi nahi duen hiltzera kondenaturiko herriarekin bat eginik».

Ez da oso bestelakoa Joxe Azurmendik Jakin aldizkarian 1970ean emandako iritzia: «Herriaren agonian egin zen Salbatore gizon eta poeta. Hor sortu zitzaion herri honen bizi nahia etsipenez kantatu beharra. Herri baten samina, esperantza, desesperazioa, maitasuna, gorrotoa, fedea ari zaigu Salbatore Mitxelenaren poesian». Aldizkari beraren zenbaki berean, Salbatore Mitxelena «gerraosteko euskal minaren adierazlerik nabarmenena eta fidagarriena» dela dio Joan Mari Torrealdaik.

Hamaika urte zituela joan zen Salbatore Mitxelena Arantzazuko seminariora (Oñati, Gipuzkoa), eta, han hiru urte egin ostean, beste bi Forukoan (Bizkaia) eman zituen. Foruan zela hil zitzaion ama, istripu batean, eta gertakari horrek eragindako minak izan zuen islarik gero Mitxelenaren poemetan.

1935ean jantzi zuen, Zarautzen, 16 urterekin, frantziskotarren abitua. Gerra hastean, 17 urterekin, Erriberriko seminarioan zegoen (Nafarroa), baina gerrak handik aterarazi zuen. «Ez fraide, ez soldadu, derrigorrean seminarioa eta ikasketak utzi eta kuartelik kuartel, fronte batek bestera ibili zuten», Imanol Unzurrunzagak Bidegileak bilduman 2002an argitaratutako Salbatore Mitxelenaren biografian dioenez.

Gerra amaituta, Erriberrira itzuli zen lehenik, baina gero Arantzazura jo zuen, teologia ikasketak egitera. Arantzazu, euskal poema idazteko suspergarri izango zitzaion giro euskaldun eta euskaltzalea aurkitu zuen han, eta Bai euskal aldizkari klandestinoa argitaratzen zuen Arantzazuko ikasle taldeko kide izan zen.

Arantzazu, babesleku

«Gerraosteko erreminaren hondarretan, Arantzazu izan zuen Salbatorek babesleku», Imanol Unzurrunzagak haren biografian dioenez. «Santutegiko kristau herri giroa inspirazio iturri emankorra izan zen berarentzat. Euskal Herriko bazter guztietatik erromes taldeak biltzen ziren Andremariaren aurrean otoitz egitera. Erromesaldien giroa erabat euskalduna eta gehienbat euskaltzalea zen liturgian bezala elizatik kanpoko atsedenaldian ere. Arantzazu euskaltzaleen aterpe bihurtu zen urte latz haietan».

Arantzazuren historia aztertu eta gero, hura Euskal Herriaren historiarekin alderatu zuen Arantzazu, euskal poema liburuan, eta Arantzazu Euskal Herriaren sinbolo bihurtu. Liburuaren hirugarren atala izan behar zuena, Bizi nai, Euskal Herrian ezin argitaratuzkotzat jo zuen, garai hartako zentsurarengatik, eta Guatemalako Euzko Gogoa aldizkarian argitaratu zuen, 1955ean.

«Salbatoreren lana Arantzazuren historia olerti bihurtzea izan zen, santutegiari epika mistiko herritarra emanez», Joseba Intxaustik Bidegileak bildumako arestian aipatutako biografian dioenez. Arantzazuk azkeneko sei edo zazpi hamarkadetan euskararekin izan duen loturaren hazietako bat izan zen Salbatore Mitxelenaren lana.

Aita Probintzialak Arantzazuko kondaira idazteko eskatu zion, eta Zarauzko komentura erretiratu zen horretarako. Han idatzi zuen Ama-semeak Arantzazuko kondairan liburua (1951). Geroagokoak ditu Ogei kanta Arantzazuko (1952) eta Arraun ta amets (1955).

Azken hori Ameriketan zela idatzi zuen. Zortzi urte eman zituen Ameriketako hainbat herrialdetan, misiolari talde ibiltari batekin hara eta hona misioak ematen. Arraun ta amets ez ezik, han idatzi zituen Herri bat gurutzbidean eta Confixus antzerki obrak, eta Unamuno ta Abendats saiakera, 1958an Baionan argitaratua. «Txillardegi baten ustez euskaraz egin lehendabiziko saiakera dugu [Unamuno ta Abendats ] eta euskaldun orok irakurri beharko genukeena», idatzi zuen Joxemiel Bidadorrek Euskaldunon Egunkaria-n 1995eko azaroaren 10ean. «Bertan Unamunoren euskaltzaletasuna agerian uztea zuen asmo ez ilauna. Joran bizia erakutsi zuen lan hontarako, eta Unamunoren bibliografia osoa ongikiro mamitu ostean, zenbaiten aurreiritzi eta usteei aitzi jo zuen fermuki».

Azken urteak Suitzan eman zituen, hara langile joandako espainiarren kapilau lanetan, 47 urte zituela hil zen arte, 1965eko abenduaren 28an. Gorpua Zarautza ekarri zuten, eta, han azken agurra eman ondoren, Arantzazun eman zioten lur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.