Argia astekarirako Sustrai Colinak eginiko elkarrizketak kezka puntu bat sortu dio Jon Sarasuari (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1966). Ertzeko zatiak liburu kaleratu berria zuen abiapuntu elkarrizketak, baina harantzagoko arnasa zuen. «Jardun filosofikoa» gailendu zen kazetariaren eta idazlearen arteko jardunean. Eta oihartzuna izan du elkarrizketak: «Batek baino gehiagok idatzi dit esanez desiatzen daudela nire azken urteetako gogoetak irakurtzeko. Ordea, liburuak ez du biltzen nire azken boladako kezka eta gogoeten enbor nagusia», argitu du Sarasuak.
Liburuaren abiapuntua bestelakoa zen. Latinoamerikara azken urteetan egindako hainbat bidaiatan jasotako esperientzietan oinarrituriko testu laburrek osatzen dute liburua, argitaratzeko inolako asmorik gabe idatzitako testuak, hasiera batean: «Testu bilduma bat da, baina definitzerakoan zailtasunak ditut. Ez dira zehazki gogoetak, ez da bidaia kronika bat, ez da saiakera bat, ez kronika sentimental bat ere. Bidaiotan gertatutako gauza garrantzitsuenak ez dira kontatzen askotan, edo ez dira agertzen kronika batean agertzekoak liratekeen gertaera nagusiak, edo ezkutuan daude morbo gehien sortuko luketen uneak», zehaztu du liburuaren sarrera ematen dion atariko testuan.
Liburuaren mamia egokien definitzeko metafora bat darabil Sarasuak, hondartzan topatzen diren egur puska, harri, txirla eta itsas-hondakinekin parekatuko lituzke liburuko testu txatalak: «Eta etxera daramatzazu, batzuk bakarrik. Ez dute areetan zegoena errepresentatzen. Ez dute hondartzan gertatutakoa biltzen. Halaxe dira testu pusketok, lagunentzat tarteka bildutako zatiak».
Lagunentzat, eta bereziki, lankideentzat bidalitako bizipen zatiak. 2000. urtetik aurrera, arlo publikoena alboratu (bertsolaritza, batez ere)eta gai sozio-ekonomikoetan egin du lan Sarasuak, Arrasateko unibertsitatean. Herrigintzaren hainbat alorretan taldeak sustatzen jardun du hamarraldi horretan, Lanki ikertegia, Mundukide, Garabide, Sorguneak ikertegia edo Bagara moduko egitasmoen sorreran. Autoeraketa, gizarte-ekonomia eta hizkuntza alorrak landu ditu egitasmo horietan, eta horiei loturiko nazioarteko zubiak eraikitzea izan du jardunbide nagusietako bat, batez ere, Hego hemisferioko herrialde pobretuekin.
Brasil, Ekuador, Bolivia, Kolonbia eta abarretara egindako bidaietan ikusitakoa lankideei helarazteko gogoak bultzatzen zuen, denbora hartzen zuenetan, testu labur horiek idaztera; esaterako, Arnasa izeneko hauxe idaztera: «Toki berri batera iritsi, motxilarekin onibusetik jaitsi, arnasa hartu, ostatu bila hasi. Ze xehetasunek eragiten dute, barrua kolokan edukita ere, herri ezezagun batean bakardadean gustura sentitzea? Ez dakit».
Ertzekoak
Aireportuetan, hegazkinetan edo itxaronaldi uneetan idatzi zituen koadernoan testurik gehienak: «Kontu praktiko batek eraman ninduen idaztera. Denbora nuelako, alegia. Ohitura hartu nuen hegazkina hartzen nuen bakoitzeko lankideentzat zerbait idaztea. Puskak dira, gehienez ere orrialde bat hartzen dutenak. Ez dute hondartza horretan gertatutako guztia biltzen, aliritzira bildutako gauzak dira». Gogoeta izatera ere ez dira iristen, egilearen ustetan: «Gertakari puskak dira, gogoeta zipriztinduak, gogoeta zipriztinetatik ez dira pasatzen».
Izenburuan bertan adierazten du egileak liburu barrukoak ertzeko kontuak direla. «Azkenaldian euskal gizartearentzat arretagai diren gaietatik nahiko ertzekoak dira. Brasilgo pobrezia antolatuaren munduan gertatzen dena nahiko periferikoa dagure kezketan. Eta, bitxia dirudien arren, nigan ere ertzeko gogoetak dira. Igual logikoagoa litzateke hamar urte hauen inguruan nik egitea bilduma bat kooperatibigintzaren inguruko puskekin, edo euskal kulturgintzaren ingurukoekin. Baina ez dut egin».
Ez du egin, ez duelako lehentasun izan hamar urte hauetan ezer idaztea. Idatzirik geratu zaion bakarra ertzeko zati horiek izan dira, baina aurrerantzean, beste kezka enbor nagusi horiei ere eman nahi lieke aterabidea. «Nire gogoeten mami zentrala ez dago hemen, baina nahiko kargatua sentitzen naiz gogoetez eta ideia organikoz, eta badut barruan dei bat zerbait hori ateratzen joateko, idazten hasteko liburu formetan, baina hori hemendik aurrera egin beharko dut».
Brasilekiko «lilura»
Ertzeko kontuak bai, baina ez horregatik garrantzirik gabeak, edota Euskal Herriko kontuekin inolako loturarik ez dutenak. Beste zenbait herrialdetako bizipenak ere libururatu dituen arren, Brasilen bizi izandakoek eragin diote «lilura» Sarasuari, Lurrik Gabekoen Mugimenduak zehatzago esanda: «Munduko mugimendu sozial inportanteenetakoa da, ia milioi bat pertsona mobilizatzen dituena. Brasilgo pobreak, lurrik gabe, Brasilgo gizarteko periferian geratuak bildu, antolatu, alferrik dauden lurrak okupatu, eta bizitza antolakuntza berri bat egiten saiatu. Mugimendu izugarria da eta desbordatzen gaitu. Euskal Herriko edozein mugimendu baino handiagoa, zabalagoa eta aberatsagoa dela esango nuke».
Brasilera lau hilabeteko lan-bidaia egin zuen duela sei urte Sarasuak, eta gerora ere itzuli izan da hara. Han idatzitakoak dira liburuko testu asko. Rio de Janeiron, 2007ko irailean idatzi zuen, esaterako, Txakurrak oinutsik izeneko testu zati hau: «Brasilen ere txakurrak oinutsik, esan beharko nuke itzultzean, miresteko asko izan arren, hemen ere mundua mundu dela aitortzeko. Txakurra, ordea, oinetakoekin ikusi dut itsasertzeko pasealekuan. Umeak ikusi ditut oinutsik».
Argitaratzeko asmorik gabe sortu zituen testuak Sarasuak. Duela urtebete pasa, baina, Argia-k plazaratzen duen Larrun agerkarian agertu ziren testu horietako batzuk, jendearengandik feedbackona jaso, eta gordeta zituen beste testu batzuekin liburua osatzea erabaki zuen. Liburuak 250 orri pasatxo ditu, eta Yera Sanchezek egindako azal eta marrazkiek osatzen dute edizio txukuna.
«Mini-gogoeta zipriztinduak»
Latinoamerikara egin bidaietan idatzitako testu laburrekin osatu du 'Ertzeko zatiak' Jon Sarasuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu