Txuma Murugarren. Musikaria

«Minoritariook gure lanari balioa emateko beharra dugu»

«Burua garbitzeko» baliatu du Angel Unzu gitarristarekin ondutako '14 abesti eta hamahiru istorio txiki' diskoa. Hitzei ohikoa ez duen tonua eman die, eta bizitzaren garrantziari buruzko hausnarketa eragin nahi du.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Durango
2014ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Errenterian jaiotakoa baina, aitak portuan zeukan lanaren ondorioz, «hamar bat urterekin» bilbotartutakoa da Txuma Murugarren (1964). Sasoi Ilunak taldearekin, 90eko hamarkadan pop-rock ilun eta garratzeko hiru disko osatu zituen, eta sei lan egin ditu bakarlari ibilbidean. Beste proiektu baterako kantuen sorkuntza lanean dabil, baina Angel Unzurekin partekatutako diskoa defendatzea dagokio orain. «Harrera ona badu eta biok asmo bera partekatzen badugu, zergatik ez, agian lan egingo dugu elkarrekin». Horretan pentsatzen hasi gabe, musikak berak gizartean gaur egun duen balioaz mintzo da, hitzetan samindura eta umorea nahastuz. «Betegarri bat bihurtu da», dio. «Garaiotan, autoan aditzen da musika serioen, beste jarrera batekin. Izan ere, besterik ezin duzu egin». Angel Unzu ere hitzordura gonbidatuta zegoen, baina ezin izan da etorri, Tanttakaren Zazpi aldiz elur ikuskizuna prestatzen ari delako.

Angel Unzuk eta zuk erabaki zenuten disko bat elkarrekin egitea orain dela hamalau urte. Baina zu zure bakarlari ibilbidearen hastapenetan zeunden, eta asmo hura baztertzea erabaki zenuten. Halere, hitz batzuk idatzi zenituen, eta Unzuk bost abestiko zinta bat grabatu zuen. Baina tiraderan gorde behar izan zenuten. Nola bururatu zitzaion Unzuri asmo hari berriro heltzea? Kasualitatea izan al da?

Kasualitatea izan da, bai, baina uste dut Angelek [Unzuk] gogoratzen zuela hura, esaten ziola bere buruari: «Ño, polita zen ba hura!». Eta halako batean, zerbaiten bila ari zela, topatu zituen nire hitzak, aspaldikoak; eta hasi zen zintaren bila, eta aurkitu. Orduan, pentsatu zuen hitzak niri bidaltzea. Orain dela hamar urte baino gehiagokoak! Ni, harrituta. Galdetu nion ea zer egin behar zuen horrekin: «Berriro tiraderan sartu behar al duzu?». Ezetz esan zidan, zerbait egitea pentsatua zuela. Denboraz libre nenbilen ni. Egin nuen azkeneko diskoarekin (B aldeko kantuak, Gaztelupeko Hotsak, 2010) 10-15 bat kontzertu besterik ez nuen egin, eta geroztik ezer ez.

Unzuri baietz esateko orduan ez al zenuen zalantzarik eduki?

Bai: bai nik eta baita berak ere.

Zergatik?

Hasteko, hitzak irakurri nituen, eta... Alde batetik ondo zeuden, baina baziren gauza batzuk zaharkitutakoak. Hitz horiek goitik behera orraztu ditut; dena den, gehienak berriak dira. Bost abestiren hitzak zeuden eginda; bada, horietako bi ez ditugu sartu. Orain dela hamalau urte egindako hitz horietatik hiru sartu ditugu, eta orraztuta, gainera; eta kantuak ere hiru dira garai hartakoak.

Zergatik baztertu dituzue beste bi abestiak? Denboraren joan-etorrian indarra galdu dutela iruditzen zitzaizuelako?

Bai. Ikusten duzu garai batean egokia zenak ez diola denborari behar bezala eutsi, ez? Agian, zu zeu aldatu zarelako da, bestelako gauzak aditu dituzulako, beste sentsibilitate bat daukazulako...

Unzuk konposatu ditu abesti guztiak. Zer lehenetsi du prozesu horretan?

Pop-rockaren ildoari jarraitu dio. Lanean ari ginela, berak bidaltzen zizkidan kantuak MP3 artxiboetan, nik ahotsa jartzen nien, eta horrela behin eta berriz, ping-pongean moduan. Bide batez esanda, oso ondo sentitu naiz horrela lan egiten; oso erosoa da. Prozesuan ikusi dut Angelen jarioa oso handia dela, ez dela gelditzen sortzen hasten denean. Bat bidali, eta beste bat, eta «beste bat daukat!». Pentsatzen nuen neure baitarako: «Angel, gera hadi, motel! [barrez]. Agian ez zegoen hizkuntza honetan lan egitera ohituta, eta horrek freskotasuna eman dio.

Nola eraman duzu aurrenekoz zuk sortutakoa ez zen musika bati hitzak jarri behar hori? Diskoaren aurkezpenean aitortu zenuen, gainera, ez zaizula erraza egin Unzuk teknikoki proposatzen duen horretara errenditzea hitzak.

Bi kontu daude hor. Metrikarena zaila egin zitzaidan, nire lan egiteko maneran aurrena hitzak egiten ditudalako, eta gero musika. Baina disko honetan guztiz alderantzizko bidea egin dut. Daukazu metrika bat, melodia, tinkoa, ezin dena mugitu, eta horren gainean lan egiteak apur bat kartzelatzen zaitu, nolabait esanda. Kirmen Uribek orain dela gutxi esan zuen aspaldi pentsatzen zuela metrikarekin poemak egitea kartzela zela, hori oztopo bat zela gauzak esateko. Baina denborarekin konturatu da badela kartzela txiki antzeko bat, badela oztopo bat, baina erronka bat ere badela eta gauzak bestelako modu batez esateko bidea ematen dizula.

Esan duzu Unzu ez zegoela hizkuntza musikal horretan lan egitera oso ohitua, eta zuretzat ere berria da beste norbaitekin erdi bana sortzea. Baina ohikoa da berritasunek ilusioak ekartzea aldean.

Nire kantuak egin izan ditut beti, eta horrela lan egiten duzunean gertatzen zaizu horixe, sorgin gurpil batean sartzen zarela. Orduan, norbait hurbiltzen zaizunean bestelako kantu eta bestelako proposamenekin, horrek aberastu egiten zaitu asko. Bestelako ilusioak sorrarazten ditu zugan, burua garbitzeko ere balio du...

Zurekin gogoratu zen Unzu zinta topatu zuenean. Proposamena beste norbaiti egiteko libre zen, baina zurekin gogoratu zen. Esan duzu, gainera, 10-15 kontzertu besterik ez zenuela eman aurreko diskoarekin, baina Unzu zurekin akordatu. Horrek ere balioko du arima pizteko...

Bai, zalantzarik gabe. Musikari minoritariook zerbaiten beharra badugu, hori da norbaitek gure lana balioan jartzea [umorez].

Horren beharra al duzu?Urte asko daramatzazu musikan...

Beti daukazu, baina behar hori abstraktua da. Zure lana onartua izateko beharra duzu... Ez, ez da onartua, gehiegi esatea da eta...

Baloratua?

Bai, baloratua bere neurrian. Baina sentitzen dut ez dela gertatzen; eta, niri bezala, hainbati eta hainbati. Beraz, Angelek proposatu zidanean ilusio handia egin zidan. Poztu egin ninduen, bai.

Diskoaren izenburuak dioen bezala, istorio txikiak kontatu dituzu abestietan. Hitzak positiboak dira, azpidoinu gordin bat duten arren. Zure ibilbidean bestelako proposamen bat izanda, hitzak egiterakoan pentsatu zenuen tematika aldatu beharko zenuela bakarlari gisa egiten duzunarekin alderatuta? Esperimentu gisa, esaterako. Ariketa hori egitea pasatu al zitzaizun burutik ?

Uste dut egin dudala ariketa hori.Diskoan badira abesti batzuk nik nire diskoetarako egingo ez nituzkeen hitzekin.

Zergatik diozu hori?

Agian, diskokoak baikorregiak direlako [barreak], eta ni ez naiz horrelakoa. Angelen konposizioek beraiek daukate nolabaiteko kutsu baikorra. Bera, gainera, pertsona oso baikorra da, oso bizia, ez da batere iluna! Orduan, ez zen oso ondo egokitzen nik nire bakarkako lanetan erabiltzen dudan tonu ilun eta apal hori. Bestelako tonua du disko honek; eta kantu batzuetan, baita tematika ere. Bai, esperimentu bat da nik erabiliko ez nukeen tematika bat lantzea. Halere, zaila da hamahiru kantutan zurea ez den hizkuntza bat erabiltzen egotea, bestelako oztopoak daudenean. Nahi gabe lerratzen zara zeure estilora.

Tonua aldatzea aurrerapausotzat hartzen al duzu?

Bai, bai. Diskoan landu ditudan gaiak ez dira batere itxaropentsuak, baina emanda dauden bezala, ba, itxura oso itxaropentsua daukate; ironiarengatik, agian. Emaitzaz galdetuko bazenit, nire hitzak-eta nola geratu diren galdetuko bazenit, erantzungo nizuke musikaren mesedetan egin ditudala, ez dutela nire kantuetan bezainbesteko protagonismoa.

Diskoan musika nagusitu dela, alegia.

Bai, baina nire iritzia da, e? Ez dakit hori egia ote den. Kasu honetan prozesuak berak horretara eraman nau. Batzuetan, kantu bat lantzerakoan, eta lehenengoan goitik behera osatzen ez dudanean, hau da, motorrean zerbait mugitu behar badut, tranpa egiten ari naizela iduritzen zait. Hori da ofizioa azken finean, baina... Ez bada zuzenean ateratzen, ez bada inspirazio potente baten emaitza, tranpa egiten ari naizela pentsatzen dut. Horixe gertatzen zait kantu hauekin.

Bigarren plano batean geratu direla esan nahi duzu?

Ez; musikaren mesedetan egindakoak direla. Nire bakarkako diskoetan hitzak dira muina, eta honetan protagonismoa partekatua da.

Beste musikari batzuekin lan egindakoa zara, baina Unzuz adierazi duzu benetako musikaria dela, peto-petoa. Nola nabaritzen da hori? Zerk harritu zaitu harengan?

Harritu, ezerk ez. Ezagutzen nuen, eta badakit zelako majaradak egiten dituen [umorez]. Musika egiteko erreminta klasikoak, akademikoak dauzka. Rock munduan lan egiten dugu, gehienbat, senarekin, belarriarekin, aditzen duguna imitatzen, entzun dugunetik ikasten. Rafa Rueda ere [Murugarrenen kolaboratzailea hainbat diskotan] heziketa akademikoa jasotakoa da, baina haren lan egiteko modua askeago da; agian, beti rock munduan ibili delako. Baina Unzuk garatzen duen lan prozesua bestelakoa da, partiturekin-eta, esaterako. Arin irakurtzen ditu... Harritu egiten nau horrek... Pop kantu bat egiten ari gara, eta esaten dizu: «Jarri iezadazu 68. konpasa, mesedez» [barrez]. Baina, tira, asko ikasten da, ikusten duzulako hainbat bidetatik heldu zaitezkeela toki berera.

Batez ere gitarrista akustikoa da Unzu. Zerk bultzatu du abesti elektrikoak egitera?

Gauza bera egiten urte asko badaramatzazu, nekatu egiten zara. Beti da erakargarria aldatzea, ez hain serioak diren gauzak egitea.

Ez hain serioak?

Hori diot, bere bakarkako ibilbideko konposizioak burutsuak direlako, gogoetatsuak, konplikatuak... Horrek lan teoriko berezi bat eskatzen du. Gu gabiltzan alorrean, ordea, lan hori da askoz ere sentimentalagoa, sentsazioei eta senari jarraitzen diena. Angeli, gainera, guri gustatzen zaizkigun taldeak ere gustatzen zaizkio: rock taldeak, rock sinfonikokoak,eta bestelakoak. Horrek ere eragin dio, nahiz eta ez duen erabili bere bakarkako ibilbidean.

Zarauzko Buffalo hirukoteko David Gorospek eta Joanes Ederrak jo dute bateria eta baxua, hurrenez hurren [Rafa Aceves Murugarrenen ohiko kolaboratzaileak jo du pianoa]. Zergatik aukeratu dituzue haiek abestien oinarri erritmikoa egiteko?

Angelen hautua izan zen. Ezagutzen zituen, eta ea zer iruditzen zitzaidan galdetu zidan. Aditu nituen, eta oso talde trinkoa zela iruditu zitzaidan. Trinkoa izateaz gainera, gaur egun egiten ez den musika jotzen duen hirukotea da. Rockaren bueltan dabiltza, sinfonikoak ere izan daitezke... Halako gauza txundigarri bat.

Zer lortu nahi izan duzue?

Hitzei dagokienez, bizitzaren garrantziari buruzko hausnarketa bat eragin. Gehiegizko garrantzia ematen diogu bizitzari, eta horrek ez digu uzten bizitzen. Bizitza bestelako moduz hartu behar da. Ez horrenbeste pentsatuz bizitzan, baizik eta arnasten duzun airean. Bihotza unaturik kantua oso sintomatikoa da; diskoaren intentzioa borobiltzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.