Sariak

Miren Garatek irabazi du Tene Mujika beka

Azken urteetako ekonomia krisiak izan dituen eraginak kontatuko ditu BERRIA egunkariko kazetariak liburuan.

Inigo Astiz
2016ko urtarrilaren 14a
12:16
Entzun

Zifren atzean dagoen haragia. Funtsean, hori da Miren Garate BERRIA egunkariko kazetariak Ekaitzaren zipriztinak lanarekin erakutsi nahi duena. “Krisiak agerian utzi du makroekonomiak zenbateko eragina duen gure eguneroko bizitzetan”, eta eragin hori da berak aztertuko duena. Euskal Herriko historia hurbila aztertzeko ez-fikzioko lanak bultzatzen dituen Tene Mujika beka irabazi du proiektu horrekin, eta orain urtebete izango du lana burutu eta liburua argitaratzeko. “Liburuak kontatuko du krisia nola ari zaien eragiten herritarrei. Adibidez, nola eragin dit niri dirua aurreztua zuen pertsona bezala, atzerritar bezala, ama bezala edo langileak kaleratu dituen enpresari bezala”.

Terminoka antolatuko du lana. “Egingo dudana da azken urteotan ekonomiari lotuta asko errepikatu diren termino batzuk aukeratu, eta termino horietako bakoitzari lotuta testigantza bat eta erreportaje bat jaso”. Tartekatu egingo ditu testigantzak eta erreportajeak. Tarteka, beraz, makroa eta mikroa. Batetik, krisiaren eragina sumatu duen jendearen ahotik jasoko ditu lehen eskuko bizipenak, eta, bestetik, ikuspegi orokorragoa emango dute erreportajeek. “Saiatuko naiz sakonago jorratzen jendearen bizipenak eta alde humanoari lehentasuna ematen”.

Ekonomia saileko kazetaria da BERRIA egunkarian Garate. Rikardo Arregi Kazetari Berria Saria ere jaso zuen 2012an. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi zuen EHUn, eta hainbat hedabidetan aritu da kolaboratzaile.

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute Tene Mujika beka, eta aurten Alberto Barandiaran, Idurre Eskisabel eta Elixabete Garmendiak osatu dute epaimahaia. Garateren proiektua saritu dute aurkeztutako lan guztien artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.