San Telmo museoak Pradoko jaioak. Artea eta mitoa erakusketa zabalduko du ekainean, eta hori balliatuta, Donostiako Musika Hamabostaldiak duela milaka urtetik musikaren, mitologiaren eta tradizioaren artean dagoen harremana ospatuko du aurtengo ekitaldian, 79.enean. "Mitoa eta tradizioa anaia-arrebak dira", adierazi du Patrick Alfaya hamabostaldiaren zuzendariak gaur goizean egindako aurkezpenean, eta gai horrri lotuta egongo dira musika jaialdian programatuko dituzten ekitaldietako asko.
Inaugurazio ekitaldia bera, Joseph Haydnenen Kreazioa obraren gainean La Fura dels Baus konpainiak egindako interpretazioarekin egingo du Musika Hamabostaldiak. Baina izango dira gaiari lotutako beste ikuskizun batzuk ere. hala, Kukai dantza konpainiak Adio aurkeztuko du, Arantzazuko santutegiko espaziora berariaz egokituriko lana. Bere azkenaldiko errepertorioko atal bereizgarrienetako batzuk (Oskara eta Erritu) eta guztiz bverriak diren beste hainbat zatik osatuko dute ikuskizuna. Iñaki Salvador, David Azurza eta Landarbaso Abesbatzarekin elkarlanean ari da prestatzen Adio Kukai konpainia.
Mitoari eta tradizioari lotuta egongo da, baita ere, Jordi Savall violagambistak eta Carlos Nuñez gaita jole eta flautistak Viktoria Eugenian (abuztuaren 20an) emango duten kontzertua. Bi musikariak elkarrekin arituak dira lehendik ere, eta orain berriro elkartu dira Elkarrizketa zeltikoak obran. Proiektu horretan Irlanda, Eskozia, Galizia eta Euskal Herriko musika tradizioan arakatu dute bi musikariek.
Aurten bere ikuskizun propioak ere ekoitziko ditu Musika Hamabostaldiak. Buenos Airesko Colon Antzokiarekin eta El Escorialeko San Lorenzo jaialdiarekin batera ekoitzi duen Italiarra Aljerren opera taularatuko du, esaterako, Rossiniiren operan oinarrituta. Bestela, Mikel Urkiza konpositoreari obra bat eskatu dio, eta Musika Garaikidearen Zikloan estreinatuko dute abuztuaren 21ean. Era berean, Jesus Guridiren Hamar euskal doinu obraren egokitzapen bat eskatu dio Juan de la Rubia organistari, aurrenekoz Artzai Onaren katedraldean entzun ahal izango dena (abuztuak 8)
Musika Hamabostaldiak 2,4 milioi euroko aurrekontua izango du aurten, iazkoaren parekoa. Momentuz aurrekontu horren %42 jasota dute —abonamenduak tarteko—, eta ostegunetik aurrera gainerakoa osatzeko lanetan hasiko dira, egun horretan jarriko baitira salgai sarrerak.
Hemen dago ikusgai egitarau osoa.