Hildako soldadu karlistak lurpetik atera, eta berpizten hasiko dira bi zientzialari, XIX. mendean. Horixe da Beñat Iturriotz eta Xabier Padin arkeologoek egindako Ataun of the dead II. Joxean's hileben pelikularen hasiera. Bihar estreinatuko dute, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan (Gipuzkoa), 19:00etan. Ataun of the Dead filmaren jarraipena da. Lehen zatian, Jon Tomas eta Josu Tomas zientzialariek Zumalakarregi berpiztu zuten. Orain, soldaduen zonbi plaga batek kolokan jarriko ditu Partidu Nazionalista Banpiroko kideen buruzagia eta haren iraupena, eta, egoera horretatik ateratzeko, Agirre lehendakaria berpiztuko dute. Horren ondorioz, Zumalakarregi eta Agirreren arteko norgehiagoka hasiko da, Euskal Herrian nork aginduko duen erabakitzeko. "Filmaren historia aurreko euskal gobernuan kokatu behar da, Patxi Lopezek agintzen zuen testuinguru horretan, alegia", azaldu du Iturriotzek, filmaren zuzendarietako batek.
Ataun of the Dead trilogia baten lehenengo atala izan zen, eta 2012ko ekainean bigarren zatia grabatzeari ekin zioten. Aurrekoarekin alderaturik, jauzi handia egin da bigarren filmean: jende gehiagok parte hartu du, iraupen luzeagoa du eta profesionaltasun handiagoa dauka. "Lehenengo filmarekin ikasitakoa eta orain ikasitakoak aplikatu ditugu", azaldu du zuzendariak. Hainbat efektu berezi ere sartu dituzte bigarren zati honetan: odolaren efektua, esaterako. Trilogia horrek lotura estua du Gipuzkoako Goierri eskualdearekin, protagonista nagusia Tomas Zumalakarregi jeneral ormaiztegiarra baita. Hainbat irudi eskualdean bertan grabatu dituzte.
Historiaren mitoak zonbi eta banpiroekin nahastuta ateratzen dira lanean. Iturriotzek azaldu duenez, urte eta erdi inguru eman dute grabaketa lanetan. Auzolan moduan egin dutenez, eta asteburuetan grabatzen zutenez, zaila izaten zen parte hartzaile guztiak elkartzea.
Pelikularen ardatz nagusia umorea da, eta, historiari, zinemari eta euskal kulturari etengabeko erreferentziak eginez, ondo pasatzeko ahalegina egin dute.
Proiekzio osoan pertsonaiekiko errespetua nabarmentzen da. Film honetan Xaho eta Zumalakarregiren arteko ustezko topaketa azaltzen dute, baina egungo gazteriara eta gaur egunera moldatuta. Mikel Alberdi Zumalakarregi museoko dokumentazio zerbitzuko arduradunak nabarmendu du errespetu handiz egindako filma dela, bai pertsonaiekiko, bai historiarekiko. "Horrez gain, filmeko protagonistek pertsonaien eta historiaren ezagutza handia dutela nabarmentzen da", esan du. "Gazteei historia erakusteko modu berezi eta erakargarri bat da".
Bigarren filma estreinatu gabe dago oraindik, baina hirugarrena ere buruan dute: "Lehenengoa egin genuenean buruan geneukan bigarrena, baita hirugarrena ere", esan du Iturriotzek. Ildo bertsutik jarraituko dute. Zumalakarregi Nabarraldeko momien eta berpizturiko Antso Nagusi momifikatuaren aurka borrokatuko da.