Egunerokoaren, komikiaren eta eleberriaren ezaugarriak batzen dituen best seller-a dugu hau. Funtsean institutura joaten hasi den mutiko baten eguneroko bizipenak kontatzen zaizkigu. Lehen pertsonan kontatua, pertsonaia nagusiak, Greg deritzon hiru anaietako erdikoak, bere bizitzaren gorabeherak kontatzen dizkigu, beheraldi gehiagorekin goraldiekin baino, eta umorea hantxe bilatuz, bere desgraziek sor lezaketen barregura eta errukiaren arteko mugan.
Kontaketa irakurterraza proposatzen zaigu, Greg-en sentimenduak eta ikusmoldea zintzoki eta zuzenean iristen zaizkigu, korapilorik gabeko narrazio lineal batean.
Hizkera informala imitatzen duen testua euskara zuzen (zuzenegi?) batean idatzita dago, eta ez dago hizkera itsusirik edo zuzentasuna gainditzen duen ideiarik.
Liburu-eguneroko honen ideia blog batean sortu zen, eta bertan mamitu ziren pertsonaia eta liburua bera ere. Ikusteko, klikatu helbide honetan Diary of a Wimpy Kid dioen lekuan: http://www.funbrain.com.
Lehen liburukia 2007an argitaratu zen. Ordudanik beste lau liburuki argitaratu dituzte, azkena azaro honetan bertan. Gaztelaniara (El diario de Greg) eta frantsesera (Journal d'un dégonflé) dagoneneko lehen hiruak itzuli dituzte.
Zinema aretoetan martxoan estreinatu zuten, Estatu Batuetan; Espainian bihar (azaroak 22) estreinatuko da, eta Frantzian, larunbatean (azaroak 27).
8-10 urtetik aurrerakoontzat.
Idazlea: Jeff Kinney.
Ilustratzailea: Jeff Kinney.
Itzultzailea: Miren Arratibel
Argitaletxea: Alberdania.
LITERATURA. GIZAJO BATEN EGUNKARIA
Moda-modako irakurgaia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu