«Modak gizartea aztertzeko aukera ematen du»

Javier Gonzalez Duranak «bulkada heroikoz» hartu du Balentziaga museoko zuzendari kargua

Agentziak
Santa Cruz de Tenerife
2011ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Javier Gonzalez Duranak«bulkada heroikoz» hartu du Balentziaga museoa (Getaria) gidatzeko erronka. Bilbotarra museoko zuzendari izendatu berri du Cristobal Balentziaga Fundazioko patronatuak, eta horrek «mundu ezezagun batean» murgilduko duela adierazi du, beretzat oso «pizgarria» dena. «Betidanik eduki dut modaren inguruan lan egiteko gogoa. Gizartea aztertzeko aukera ematen du, antropologiarekin, kulturarekin, psikologiarekin, ekonomiarekin eta industriarekin lotuta baitago», adierazi du Gonzalez Duranak.

Adierazpenok Santa Cruz de Tenerifen (Kanaria uharteak, Espainia) egin zituen atzo. Hango Espacio de las Artes (TEA) museoko zuzendaritza artistikoa utzi berri du Gonzalez Duranak Balentziaga museoaz arduratzeko, eta agurtzeko asmoz elkartu zen komunikabideekin.

Balentziagak bere sorkuntzak arkitekturarekin, pinturarekin eta musikarekin lotzen zituela oroitarazi du. Bere esanetan, diseinatzaile gipuzkoarraren lanetan Le Corbusier eta Mies Van der Roher arkitektoen eraikinen eta Oteizaren eskulturen oihartzunak aurkitu daitezke, baita Olivier Messiaenen musikarenak ere.

Gainera, gehitu du goi mailako joskintzak funtzio «utilitarioa» duela. Arte aplikatua den neurrian, «eramateko» dago egina. Modaren «alde sortzaileak» artearekin duen loturak zeregin berri hori orain arte egin duen lanarekin lotzen duela gaineratu du.

Ekainaren hasieran zabaldu zuten Balentziaga Museoa, eta orain, bere lana «guztia antolatzea» dela esan du zuzendari berriak. Plan museologiko bat idatzi eta langileen zereginak zehaztea izango dira bide horretan eman beharreko lehen pausoak, Gonzalez Duranak jakinarazi duenez. 9.000 metro koadro ditu museoak, eta sei langile ari dira han lanean. «Ez dakit asko Balentziagari buruz, bai ordea museoen inguruan. Honako hau martxan jartzen dudan laugarrena izango da», nabarmendu du Gonzalez Duranak.

Horietako bat Gasteizko Artium izan zen, 2001ean abiatu zenetik 2008ra arte zuzendu zuena. Hori baino lehenago, Bilboko Rekalde aretoaren arduraduna izan zen (1992-2001), eta baita Guggenheim museoko Erosketen Komisioko eta Administrazio Kontseiluko kide ere (1993-1998).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.