Muturbeltzeko kideek ere badakite ez dutela ezer asmatu. Gitarra, baxua, bateria eta ahotsa nahastu, eta aurrera. Kito. Betiko rock-and-roll taldeen egitura. Klasikoa. Haiek, eskarmentuak emandako ezagutzagatik, ondo baino hobeto menderatzen dute molde hori. Eta Amildegia maite (Autoekoizpena) aurreneko diskoan asmatu dute molde klasiko horri soinu propio bat, indarra ematen. Donostiako Doka kafe antzokian aurkeztuko dute, gaur, zuzeneko emanaldi batean (20:30). Haien aurretik Norman-ekoak arituko dira.
Iñigo Agirrebalzategik (Urretxu, Gipuzkoa, 1976) ere soinua aipatu du, diskoaz hitz egiten hasterakoan. «Indartsua da». The Hot Dogsen kide izandakoa da hura; abestien egilea da, eta gitarra jotzen du. Mikel Larratxe abeslariak (Sexty Sexers), berriz, diskoaren kanten hitzak ondu ditu. Eñaut Balentziagak (Kabul eta Zura) astintzen ditu danborrak, eta Aitor Castillok (Plan B eta Boogie Van) jotzen du baxua. Agirrebalzategik bultzatu zuen, «gutxi gorabehera», talde berriaren sorrera: «Abesti batzuk eginda neuzkan The Hot Dogsekin jotzeko, baina taldea hiltzen ari zen pixkanaka...». Orduan esan zioten Sexty Sexersekoak atseden bat hartuta zeudela, eta Larratxarekin hitz egin zuen. 2010eko abendua zen. «Abesti batzuk eginda neuzkala, gehiago egin nahi nituela eta talde berri baterako errepertorioa sortzeko asmoarekin nenbilela esan nion», adierazi du Agirrebalzategik.
Euskal Herrian rock klasikoaren erreferenteetako bi ziren, bai Sexty Sexers eta bai The Hot Dogs. Muturbeltzen antzematen da haien eragina. «Normala da». Halere, The Hot Dogsekin edo Muturbeltzekin jota abestiek soinu «oso diferentea» dutela iruditzen zaio. «Gauza bat da abestiak eginda edukitzea. Baina instrumentua jotzean bakoitzak bere nortasuna dauka. Abestiek bestelako forma hartu dute entsegu lokalean».
Andoaingo Garate estudioan grabatu zituzten, Martxel Arkarazorekin. Gitarrak asko landu dituztela adierazi du Agirrebalzategik. «Diferenteak probatu, soinu ezberdinak... Gitarra jotzaile bakarra izateak, gainera, aukera eman dit beste batzuetan baino elementu gehiagorekin jokatzeko». Oraingoan, gainera, besteetan baino gehiago «ireki» da estudioan. «Bataren eta bestearen laguntzarekin egin genituen konponketak, lortu genituen soinu diferenteak...». Amildegia maite da lanketa horren emaitza. Izenburuak taldeko kide bakoitzak hartutako arrisku-ekin zerikusirik ba ote duen galdetuta, «gauza guztiekin» zerikusia duela erantzun du gitarra jotzaileak. «Mikelek [Larratxe] eta nik, adibidez, denbora dezente generaman zuzenean jo gabe. Eta behar genuen adrenalina hori... Agertokiko amildegi hori behar genuela? Baliteke... Deitu nahi duzun bezala». Eta, bestetik, «arriskatzea baino gehiago», Muturbeltz sortzea «erronka bat» iruditzen zaio: «Nik hogei urte neramatzan jende berarekin gauza bera egiten. Eta Mikelek hamar bat. Beraz, erronka bat da, jende berriarekin lan egin behar duzulako, gauzak modu ezberdinean egiten direlako, gauzak besteengandik modu diferentean jasotzen dituzulako...» .
Igual horregatik guztiagatik, diskoak asebete egin ditu. «Uste dut ez gaudela ohituta hemen rock hain klasikoa eta indartsua euskaraz entzutera». Larratxek hitzetan egindako lana nabarmendu du: «Horiek irakurrita, eta estudioan entzunda, hitzetan soilik ez, horien sonoritatean ere, fonetikan, lan handia egin du». Abestiak berak bezala, izenburuak ere zuzenak, zorrotzak dira: Odola, Eguzkian, Hil zaitez, Harro... «Hitzen interpretazio irekia egin daiteke. Badakizu, batzuetan, harrapatzen zaituen egoera eta unearen arabera, abesti askoren hitzak aurrenekoz aditzean pentsatzen duzu munduko abeslari guztiak zutaz ari direla». Izan daiteke egia. Argi dagoena da molde klasikoko rock-and-roll-a lantzen dutela. Zikina. Oinarri erritmiko indartsukoa, eta gitarra riff zorrotzak dituena. Hilabetero «bizpahiru» kontzertu emateko asmoa daukate.
Molde klasikoaren indarra
Muturbeltzek 'Amildegia maite' diskoaren aurkezpen kontzertua emango du, gaur, Donostiako Dokan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu