Montoiaren lan berria, hamar urte igaro eta gero

Hamar kantu izango ditu diskoak, eta Ibon Rodriguez eta Maite Arroitajauregi lagun dituela ontzen ari da

G.E.
2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Deus guti ofizialki plazaratu ez den lana izan da tartean —beste bide batzuetatik zabaldu da, eta sarean ere entzun daiteke—, baina 11 urte igaro dira Xabier Montoiak Ni ez naiz Xabier Montoia (Metak, 2002) azken lana argitaratu zuenetik. Disko laudatua izan zen hura, bere zuzenekoa bezainbeste. Geroztik literatura kontuetara emanago aritu da Montoia, baina disko berria izango duena grabatzen ari da dagoeneko.

Eibarko Legarre estudioan ari da lanean egunotan, Ibon Rodriguez (Eten, Le Noise…) eta Maite Arroitajauregi (Mursego) musikariak lagun dituela. Hamar kantu izango ditu diskoak, eta oraindik ez du izenburu finkorik. Kantu horietako bederatzi berriak dira, eta hamargarrena Deus guti laneko kantu baten bertsio berria da. Guztiak dira Montoiak sortuak, bai doinuak eta bai melodiak.

Rodriguezek gitarra espainiarra eta pianoa jo ditu zenbait kantutan, eta Arreoitajauregik txeloa, pianoa eta melodika. Bateria eta baxurik gabeko diskoa izango da, hortaz. «Mila modutara jo daitezkeen kantuak dira, baina gu nahiko modu minimalean lantzen ari gara, konponketa gehiegirik gabe». Aurreko lanetatik «desberdina» dela deritzo Montoiak, eta neurri batean nahiko kantu «klasikoak» direla. Rodriguez eta Arroitajauregirekin primeran moldatzen ari dela dio, aurrez «dinamika» bat sortua baitzegoen. «Ibon aspalditxotik ezagutzen dut. Txinaurriak diskoan bertan elkarrekin aritu ginen, eta Iban Zalduaren Biodiskografiak lana aurkezteko emanaldia ere egin genuen. Beraz, dinamika baten emaitza izango da lan berria».

Montoiak ez du uste jendea bere disko berriaren zain dagoenik bereziki, baina grabaketa hilabete honetan bukatzeko asmoa eta nahia du, udazkenean argitaratu eta zuzenean eskaintzeko gogoz baitago. Oraindik ez daki zein zigilurekin aterako duen lana, baina aterako duela ziur dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.