Montoiaren mundu miresgarria diskoarekin itzuli da musikaren plazara Xabier Montoia. 2002an kaleratu zuen, azkenekoz, disko bat (Ni ez naiz Xabier Montoia), eta gerora beste lan bat grabatu bazuen ere (Deus gutxi), hura ez zein inoiz argitaratu. Disko berria uztailean eta abuztuan grabatu zuen Eibarko Legarre estudioan, Maite Arroitajauregi (biolontxeloa, ahotsak, melodika, pianoa) eta Ibon Rodriguez (pianoa, gitarra, ahotsa, kalinba) lagun zituela.
Hamar kantu bildu ditu disko berrian Montoiak, musikariak berak dioenez, forma "klasikoa" dutenak. Izan ere, aurreko lanetan elektronikarekin eta, batik bat, erritmoekin lan egin zuen bezala, oraingo honetan bazterrean utzi ditu baxu eta bateriak; eta pianoa nahiz biolontxeloa izan ditu kantuen oinarri nagusi. "Eragin beltza hor dago, ezin baitut nire burua ukatu, baina aurreko diskoetan baino gutxiago azaltzen da. Kantu hauek klasikoagoak dira".
Diskoaren izenburua "ironikoa" da, Montoiak dioenez. "Badakit nire mundua ez dela miresgarria, baina ohartu naiz kantu ia guztietan mundua azaltzen dela. Hitzetan, hain zuzen ere, mundua azaltzen da. Eta maitasuna. "Munduaren egoera azaltzen da. Baina ez dira kantu militanteak, ez diete irtenbiderik ematen munduari"
Laster diskoa zuzenean aurkezten hasiko dira Montoia, Arroitajauregi eta Rodriguez. Hilaren 18an Beran joko dute eta abenduaren 4an Eibarren. Abenduaren 8an, berriz, kantu batzuk joko dituzte Durangoko Azokan, Ahotsenean