Jaialdiak

Monty Pythoneko John Cleese sarituko du Bilboko JA! jaialdiak

Irailaren 29tik urriaren 9ra egingo dute jaialdia, eta Bilbon izango da aktorea BBK Ja! Bilbo saria jasotzen.

Inigo Astiz
2016ko urtarrilaren 19a
12:28
Entzun

“Ados, baina komunak, sendagaiak, hezkuntza, ardoa, ordena publikoa, garaztatzea, larrosak eta medikuntza publikoa kenduta, inoiz egin al dute ba zerbait erromatarrek gugatik?”. Life of Brian film ezaguneko esaldi ezagun hori adibide bat baino ez da: klasikoz beteta dago John CleeseMonty Python talde britainiarreko kide izandakoaren ibilbidea, eta, hain zuzen ere, ibilbide hori saritu nahi du aurten Bilboko Umorezko Literaturaren eta Artearen Nazioarteko JA! Jaialdiak. 20.000 euroko ordaina duen BBK Ja! Bilbo saria jasoko du Cleesek Bilbon, “umore berritzailera eta satirikora bideratutako ibilbide profesional bikainarengatik”. Irailaren 29tik urriaren 9ra egingo dute jaialdia, eta tarte horretan egingo dute sari-banaketa ekitaldia ere.

[youtube]https://youtu.be/9foi342LXQE[/youtube]

BBCko Monty Phyton’s Flying Circus serie ezagunak egin zuen ospetsu taldea. Eta hor hasi zen kideen umore surrealista, lotsagabe eta beltza sona lortzen. Eta Cleeseren lana ere hor hasi zen nabarmentzen. Ibilera Lerdoen Ministerioa izeneko esketxean egindako lana nabarmendu du jaialdiak, esaterako, hedabideetara bidali duen oharrean.

[youtube]https://youtu.be/iV2ViNJFZC8[/youtube]

Telebistarako egindako lanaz gain, filmografia zabala ere badu Monty Pythonek, eta guztietan hartu zuen parte Cleesek. And Now for Something Completely Different (1971); Monty Python and The Holy Grail (1975); Life of Brian (1979); Monty Python's The Meaning of Life (1983).Taldetik kanpo ere Fawlty Towers izeneko sitcom ezagunean eta Wanda izeneko arraina komedian ere egin du lana Cleesek, eta egun ere lanean jarraitzen du hainbat proiektutan.

Aurrez sari bera jasotakoak dira Tom Sharpe, Francisco Ibañez, Ismail Kadare, Robert Crumb, Julian Barnes eta Fernando Trueba ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.