Musika klasikoaren historian gehien interpretatu den opera da Wolfgang Amadeus Mozarten Txirula magikoa. Donostiako Musika Hamabostaldian ere hainbatetan izan da; azkeneko aldiz, 1995ean. Errito masonikoen omenez idatzitako obra alai eta fantastikoa dela nabarmendu du Patrick Alfaya Hamabostaldiko zuzendariak: «30eko hamarkadako Europa gogorarazten duen obra da Mozartena. Adin guztietako entzuleek erraz jarraituko duten pieza da». Donostiako Kursaal auditoriumean eskainiko dute larunbatean eta datorren astelehenean, 19:00etan.
Alfonso Romero eszena zuzendariak eta Jaime Martin musika zuzendariak obraren alderik «gizatiarrena» landu dute, fantasiazko istorioa errealitateko gertaera batekin lotuz. Romeroren esanetan, gehitutako atal horrek gaurkotasuna emango dio piezari: «Mitologiatik eta fantasiazko ipuinetatik edaten duen kontaketa da, baina ez dago loturarik eszenen artean. Horregatik, bi agertoki sortu ditugu: bata, fantasia, eta bestea, errealitatea». Errealitatea gerran zauritutako hegazkinlari batek irudikatuko du, istripu baten ondorioz gorputza kiskalita duena. «Gaixo horren irudimenak ez du mugarik izango; zorigaiztoaren aurrean gizakiok aurrera egiteko dugun gaitasun gizatiarra islatuko du».
Martinen esanetan, ametsa da opera zuzentzea: «Txirularia izanik, ohorea da Mozarten obra zuzentzea. Edertasunez eta ezustekoz betetako emanaldia da».
Opera proiektua Madrilgo San Lorenzo eta El Escorialeko jaialdiekin egindako elkarkidetzaren emaitza da. EOS eta Easo abesbatzak parte hartuko dute. Kenneth Tarver (Tamino) tenorrak lehen aldiz abestuko du Donostian, eta proiektuaren «handitasuna eta giro aparta» azpimarratu ditu: «Elkarren falta sentituko dugu». Harekin egongo da Marife Nogales (Papagena) soprano donostiarra eta Jeanette Vecchione (Gaueko erregina), Auxiliadora Toledano (Pamina), Leigh Melrose (Papageno), Dimitri Ivastxenko (Sarastro) eta Francisco Vas (Monostatos) bakarlariak ere.
Donostiako 73. Musika Hamabostaldia
Mozarten fantasiazko munduan barrena
Alfonso Romerok eta Jaime Martinek 'Txirula magikoa' operaren alderik «gizatiarrena» aurkeztuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu