Mozarten obran barruratuz

Musika-Musica jaialdian, konpositore austriarraren estilo askotako lanak emango dituzte, 66 kontzertutan, gaurtik iganderaNazioarteko orkestra eta bakarlari ugari ariko dira Bilboko Euskalduna jauregian

Varsoviako Orkestra Sinfonikoak Txirula magikoa entseatu zuen atzo Euskalduna jauregian. E. MORENO ESQUIBEL.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko martxoaren 04a
00:00
Entzun
Hamargarren urtemugara iristearekin bat hasiko da gaur Bilbon Musika-Musica jaialdia. Ibilbide joria egin dutela uste du Begoña Salinas zuzendariak, eta horri eutsita ospatu egingo dutela adierazi du. «Egitarau oparo batekin, eta gozatu ederra emango duten puntako musikariekin». Lehen edizioaren ardatz izan ziren bi konpositoreetako batean arreta jarriko du Musika-Musicak, igandera bitartean. Wolfgang Amadeus Mozarten (Salzburgo, 1756-Viena, 1791) lanak eskainiko dituzte 66 kontzertutan. Obra sinfonikoak, ganberakoak eta errezitalak izango dira, beste batzuen artean.

Salinasek ohartarazi du ez dituztela Mozarten pieza guztiak interpretatuko, zenbait tokitan esan denez. «Obra izugarri zabala du, nahita ere ezinezkoa da asteburu batean ematea». Euskalduna jauregian, 500dik gora musikari izango dira gaur arratsetik igandera bitarte. Herri askotatik etorriko dira orkestrak eta era askotako formazioak, hirukote, laukote eta boskoteak. Baita abesbatzak eta bakarlariak ere. Besteak beste, honakoak: Poloniako Varsoviako Orkestra Sinfonikoa eta Polish Chamber Orchestra, Alemaniako Das Neue orkestra, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Jean-Claude Pennetier pianista, Vladimir Mendelssohn biola jotzailea, Juliette Hurel txirularia, Isabelle Moretti harpa jotzailea...

Melomano zein musika klasikoaz arrasto handirik ez dutenentzako moduko egitaraua ondu dute, «urtero legez». Konpositore austriarraren «obrarik esanguratsuenak» hautatu dituzte. Orobat, inoiz gutxitan ematen diren lanak ere izango dira jaialdian: Thamos, Egiptoko erregea, besteren artean. Bilboko Koral Elkarteak eta Koloniako Das Neue orkestrak interpretatuko dute, Christoph Speringen zuzendaritzapean. «Horrenbestez, gauza bitxiak bilatzen dituztenek aurkitu egingo dituzte horrelakoak ere».

Zenbait adituren arabera Mozarten lanak ondoen interpretatzen dituen pianista ere izango da Musika-Musican: Deszo Ranki hungariarra. Varsoviako Orkestra Sinfonikoarekin Cosi fan tutte-ren obertura eta Pianorako eta orkestrarako 27. Kontzertua interpretatuko ditu. Halaber, Ivan Martin pianista kanariarra ere izango da festibalean. 1781ean Mozart eta Clementiren artean izan zen lehiaren pasarte bat ekarriko du Bilbora. Oso gutxitan emandako lana da hori ere. Horretaz gain, Polish Chamber Orchestrarekin Jeunehomme emango du, «lan benetan zoragarria», Salinasen iritziz.

Mozartek bere amarekin batera Parisera egin zuen bidaia batean, Alemaniako Mannheim hirian geldialdi bat egin zuen. Eta, diotenez, hango ganbera orkestrak liluratu egin zuen konpositorea. Erabat iraultzailea iruditu zitzaion, puntakoa. Eta XVIII. mendetik egundaino bilakaera bat izan duen arren, maila handikoa izaten jarraitzen duela ziurtatu du Salinasek. Musika-Musican ariko da Mannheimgo orkestra, Luis Fernando Perez pianistarekin, Stefan Fraas zuzendari dela.

Mozartek bere azken garaian ondutako sinfonia guztiak eskainiko dituztela nabarmendu du Salinasek: Pagra, Haffner, Paris, Linz eta Jupiter,esate baterako. «Oso lan helduak dira, perfekzio maila handikoak, eta garrantzitsua iruditu zaigu horiek guztiak ematea».

Mozarten musika «oso gardena» dela dio jaialdiko zuzendariak. Eta zuzendari eta musikariek berau «interpretatzeko latz pasatzen duten arren, entzuleari berehala iristen zaion musika» dela sinetsita dago Salinas.

Etiketa jantzirik gabe

Jaialdiak «helburu pedagogiko bat» ere baduela dio. «Sekula gisa honetako kontzertu batera joan ez direnak etortzea nahi dugu. Ziur gaude gozatu egingo dutela. Oraindik inork ez baitu asmatu musika klasikoa entzuteko zuzenekoa ez den modu hoberik. Inongo teknologiak ez du lortu oraingoz zuzenekoak daukan sonoritatea berdintzea».

Musika klasikoko festibala dela kontuan hartuta, Musika-Musica «ohiz kanpokoa eta modernoa» dela pentsatzen du Salinasek. «Ez da etiketaz jantzita etorri behar. Eta kontzertu batetik bestera joateko, presaz ibili behar du jendeak, eta ilara egin».

Hots, Musika-Musicak eguneroko bizimoduarekin eta gainerako kultur produktuen kontsumoarekin antz handia duela nabarmendu du zuzendariak. 30.000 sarrera saldu zituzten iaz. Eta aurten antzeratsu ibiltzea espero dute. Bost eta bederatzi euro artean balio dute, emanaldiaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.