Zinema estreinaldiak

Mozorroek estalitakoak

Sam H. Freeman eta Ng Choon Ping zinemagile ingelesek mendeku bila dabilen gizon baten istorioa kontatu dute 'Femme' beren lehen film luzean, eraso egin zion gizonarekin harreman bat hasiko duen gaztearen istorioa.

'FEMME'
'Femme' filmaren fotograma bat.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko abenduaren 20a
05:25
Entzun

Julesek Londresko klub batean lan egiten du drag queen gisa. Oholtza gainean, Aphrodite Banksen larruan sartzean, ikusleak erotu egiten dira; hura da tokiko erregina. Baina bere agertokia den klubaren babesetik irtetean, egoera oso bestelakoa da. Gau batean, Jules, oraindik ere Aphroditeren rolean, ondoko dendara sartuko da tabako bila. Gazte talde bat sartuko da bera bertan dagoela, eta Preston izeneko mutilak, Julesen presentziarekin gogaiturik, harengana hurbildu eta iseka egingo dio. Jules defendatu egingo da, gazteaz barre eginez, baina kalera irtetean taldeak eraso egingo dio, Jules odoletan eta erdi biluzik utzita.

Hiru hilabete geroago, Jules ez da etxetik irteten. Aphrodite atzean utzita, egongelako sofan bideojokoetara jolasten igarotzen du eguna. Gau batean, ordea, gay sauna batera joatea erabakiko du, eta, bere ezustekorako, bere erasotzaile Preston topatuko du bertan. Makillajerik eta ileorderik gabe, erasotzailea ez da ohartuko bera nor den, eta Julesek mendekua lortzeko aukera bat ikusiko du. Horretarako, drag era berri bat hartuko du, gizon maskulinoarena, eta Prestonen inguruan barneratuz joango da, femme-ak atsegin ez dituen ingurune batean.

Sam H. Freeman eta Ng Choon Pingen lehen film luzea da Femme. 2021ean egin zuten izen bereko laburrarekin hasi ziren elkarrekin lanean; BIFA saria irabazi zuten lan harekin, eta BAFTA sarietarako izendatu zituzten. Freemanek telebistan lan egin du gehienbat, Industry telesaileko gidoilari gisa esaterako, eta Ping antzerkiaren mundutik dator; bere lana Erresuma Batuko National Theatre, Royal Shakespeare Company, Young Vic eta beste zenbait antzokitan erakutsi du.

Femme botere harremanei buruzko thriller bat da. Generoa, haren adierazpen askotarikoak, eta adierazpen horiekin lotutako aurreiritziak ditu erdigunean. Freemanek eta Pingek mendekuari buruzko istorio bat erretratatzen dute, genero zinemaren ezaugarri ugari erabiliz. Baina bi zuzendariek pertsonaien azterketa eta eraikuntza interesgarri bat gehitzen diote thriller atmosferari; eta, era batera edo bestera, egunero mozorrotzen diren pertsonen azalean dauden bi gazte horien konplexutasuna islatzen dute.

Aldakorrak diren identitate horiek filma narratzeko eran ere ikus daitezke. Ia bere osoan gauez grabaturik dagoen film horri testura eta koloreak ematen dizkio James Rhodesen argazki zuzendaritzak, leku seguruak eta ezkutuko arriskuak era sotilean erretratatuz. Horretaz gain, kamera eskuan hartuta grabaturiko eszenek bi pertsonaia nagusien arteko harremanaren ezinegona erretratatzen dute, gidoiari euskarri berri bat emanez. Gainera, kritikak goraipatu egin du Julesen eta Prestonen rolean jarri diren Nathan Stewart-Jarrett eta George MacKay aktoreen lana: istorioak izan ditzakeen desorekei eusteko gai diren antzezpenek borobiltzen dute filma.

'Femme'

Zuzendariak: Sam H. Freeman, Ng Choon Ping. Gidoilariak: Sam H. Freeman, Ng Choon Ping. Aktoreak: Nathan Stewart-Jarrett, George MacKay, John McCrea. Argazkia: James Rhodes. Generoa: thrillerra. Urtea: 2023. Iraupena: 99 min. Herrialdea: Erresuma Batua. Estreinaldia: abenduaren 22an estreinatuko da Hego Euskal Herriko aretoetan.

Beste estreinaldi batzuk:

 

'Samsara'

Luang Prabangeko tenplu budistetan dozenaka nerabe bizi dira. Mutil horietako batek adineko emakume bati irakurtzen dio Thödol bardoa, hil aurretik pertsonei irakurri behar zaien testu bat, hil ondorengo bizitzan orientatzeko gida gisa balio baitu. Andre nagusia hil egingo da, eta haren izpiritua zentzumenen bidaia batean abiatuko da, hurrengo gorputzean esnatu arte; arrantzale familia batekin haziko den Tanzaniako kostaldeko herri bateko antxume baten gorputza.

Zuzendaria: Lois Patiño. Gidoilariak: Lois Patiño, Garbiñe Ortega. Aktoreak: Amid Keomany, Toumor Xiong, Simone Milavanh. Argazkia: Mauro Herce, Jessica Sarah Rinland. Musika: Xabier Erkizia. Generoa: drama. Urtea: 2023. Iraupena: 113 min. Herrialdea: Euskal Herria.

 

'La Fille de son père'

Etiennek 20 urte besterik ez zuen Valerierekin maitemindu zenean, eta apur bat gehiago bere alaba Rosa jaio zenean. Valeriek etxetik alde egiten duen egunean, Etiennek gertatutakoa drama ez bihurtzea erabakitzen du; horrela, aita-alabek bizitza zoriontsua eraikiko dute. Hamasei urte geroago, Rosak kanpora ikastera joan behar duela eta, iraganeko gertakizunak itzuliko zaizkio Etienneri.

Zuzendaria: Erwan Le Duc. Gidoilaria: Erwan Le Duc. Aktoreak: Nahuel Perez Biscayart, Celeste Brunnquell, Maud Wyler. Generoa: komedia. Urtea: 2023. Iraupena: 91 min. Herrialdea: Frantzia.

 

'Heavies tendres'

Juanjo mutil asmatikoa da, eta bere familiak babestuta bizi izan da, ia itotzeraino. Miquel aitaren presentziarik gabe hazi da; haren ama bakarrik bizirauten saiatzen da, baina ez du beti lortzen. Juanjok eta Miquelek, 1991ko Bartzelonako bi mutil nerabe hauek, beren adiskidetasunean eta heavy musikan aurkituko dute bizi diren mundu grisaren babesleku bat.

Zuzendariak: Carlos Perez-Reche, Joan Tomas Monfort. Gidoilariak: Mario Torrecillas, Natalia Duran, Yago Alonso, Enric Pardo. Aktoreak: animazioa. Generoa: Drama. Urtea: 2023. Iraupena: 80 min. Herrialdea: Katalunia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.