Getxophoto argazki jaialdiak istorioak kontatzeko bokazioari heldu dio berriro ere seigarren ekitaldian, eta haurtzaroaren inguruko kontakizuna sortu du. Frank Kalerok egin ditu komisario lanak; hiru urtez aritu eta gero, jaialdian azken urtea izango du Kalerok aurtengoa. Izan ere, Haurtzaroari gorazarre eginez, 2010ean hasitako trilogia amaitu du —Zahartzaroari gorazarre egin zion iaz eta Aisiari gorazarre 2010ean—. Oraingoan, mendebaldeko umeen haurtzaroaren inguruko hainbat ikuspegi bildu ditu, askotariko begiradak sortuz. Azaldu duenez, ez du nahiizan erakusketa «politikoki zuzena» egitea, baizik eta «umeen irudimena eta potentziala» esplotatzen jakin duten argazkilarien lanak biltzea. Besteak beste, Robin Schwartz, Jonathan Hobin, Vee Speers, Jeongmee Yoon, Margaret M. de Lange, Roger Ballen, Jon Uriarte eta Jill Greenbergek hartutako irudiak ikus daitezke Getxon. Irudietako batzuk jadanik ikusgai jarri dituzten arren, jaialdia etzi abiatuko da ofizialki, ostiralean, eta irailaren 30era arte ikusi ahalko dira argazkiak.
Orotara, 18 argazkilariren lanak jarriko dituzte ikusgai herriko kale eta aretoetan. Izen handiko artistak ezezagunekin uztartu ditu, berriro ere, Kalerok. Hala, Alessandra Sanguinetti argazkilari estatubatuarraren eta Jill Greenbergen kanadarraren argazkiak, Paola Grenet italiarraren eta Jon Uriarte gipuzkoarrakegindakoekin batu ditu erakusketan. Urtero legez, jaialdiaren barne, hainbat tailer, emanaldi eta solasaldi izango dira, horietako gehienak jaialdiko lehen egunetan.
Solasaldiei dagokienez, Christian Caujolle Vu agentziako zuzendaria, Kalerorekin ariko da hizketan bihar arratsaldean, Torrenen. Caujolle Kanbodiako PhotoPhnomPenh Festival argazki jaialdia ere aurkeztuko du bihar. Geroago, solasean ariko dira Alejandro Castillote komisarioa eta Marcos Lopez artista. Castillotek Getxophotoko lehen hiru urteetako komisarioa izan zen. Eta larunbat goizean, Frank Kalerok eta erakusketako zenbait artistak bisita berezia egingo dute, eta erakusketako lanak komentatuko dizkiete bertora bildutako guztiei.
Mendebaldeko umeak
Jokin Aspuru Begihandiko kide eta jaialdiko antolatzaileak argi utzi nahi izan du aurten gaia haurtzaroa bada ere, zehazki, mendebaldeko umeen haurtzaroa jorratu dutela. Horrez gain, azaldu duenez, ohikoa ez den arren, aurtengo begirada femeninoa da gehienbat: «Jaialdian parte hartuko duten argazkilarien %75 inguru emakumeak dira. Nire ustez, gaiarekin zerikusi handia du, emakumeak gehiago arduratzen dira haurtzaroaren gaiaz, edo hori islatzen da», argitu du Aspuruk.
«Objektua haurtzaroa bada ere, azken finean helduek haurtzaroaz duten irudia islatzen dute argazkiek», Aspururen iritziz. Mendebaldean haurtzaroa jorratzeko estilo naif eta pinpirinetik alde egin nahi izan du Kalerok argazkiak aukeratzerakoan: «Gai hau modu berezian jorratu duten argazkilariak bilatu ditugu», azaldu du, «helduek eredu batzuk proiektatzen dituzte umeengan, helduek sortutako lengoaia darabilte, eta gurasoek haurrak nola portatu behar diren uste duten, horren arabera portatzen dira umeak. Hala, ez da sekula haurraren sormena ustiatzen». Getxon hil honetan ikusgai izango diren argazkiek, berriz, haurren potentzialtasun hori ustiatzen asmatu duten argazkilarienak direla irizten dio.
Alde horretatik, jaialdian «begirada adeitsuak» ez ezik, «gogorrak» ere topatu daitezke Aspururen ustez, «Asko gustatzen zait Franken begirada, oso estilo zuzena du, estalkirik gabekoa eta kasu honetan bat ere ez-paternala», azaldu du, «Hori dela eta, batzuetan oso lan adeitsuak topatu ditzakegu, Jan Von Hollebenenak kasurako; eta beste batzurenak gogorragoak dira, Jill Greenbergena adibidez, umeen negarra azaltzen duena».
Kalero oso pozik agertu da jaialdiaren hiru ekitaldietan egindako lanarekin. «Pozik alde egiten dut, eta jaialdian lan egin izanaz harro», argitu du. «Eskerrak eman behar ditut nahi izan dudana egiten utzi izan didatelako». Getxophoto nazioartean aintzat hartu dutelako ere badago pozik komisarioa, baita jaialdi «zintzoa» eta «handinahirik gabekoa» delako ere. Haren ustez, Getxophotok hasieratik markatutako printzipioekin «koherentziaz» jokatu du urte hauetan guztietan,eta «oso maila bikaineko» argazkilariak ekarri ditu beti. Bihar jakinaraziko dute, jaialdiaren inaugurazio ekitaldian, Kaleroren lekua nork hartuko duen 2013an.
Mugarik gabeko haurtzaroa
Getxophotok haurtzaroari gorazarre egingo dio aurten, Jill Greenberg eta Jonathan Hobinen argazkiak erakutsiz, besteak beste«Umeen irudimena eta potentzialtasuna» ustiatzen dute irudi hautatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu