Fermin Muguruzaren proiektu berria martxan dago jada: Zuloak musika taldeari buruzko dokumentala. Ideiaren hasiera Arrate Rodriguez artistarekin izandako elkarrizketa batetik abiatzen da. Rock talde bat sortzeko asmoa zuela azaldu zion Rodriguezek Muguruzari, eta prozesua grabatzen ari zirela.
Duela aste batzuk, ordea, Rodriguezek saiakera bertan behera uztea erabaki zuen, eta grabaturiko material guztiari San Franciscon grabatutako bideo-mezu bat gehitu zion. Eider arrebaren esku utzi zuen materiala, eta hark Muguruzari eman zion.
"Materiala ikuskatzen hasi orduko konturatu nintzen dokumental baten bidez kontatu zitekeen istorio bat zegoela bertan. Eider Rodriguezi laguntza eskatu nion puzle honen pieza guztiak biltzeko, eta dagoeneko gidoi bat osatzen ari gara bion artean", adierazi du Muguruzak.
Proiektua burutu ahal izateko, kanpaina bat jarri dute martxan, taldearena den eta argitaratu gabe dagoen materiala biltzeko asmoz. Edizio, postprodukzio eta ekoizpenerako finantzaketa iturriak ere aurkitu nahi dituzte.
Materiala erakusten joango dira www.zuloak.com helbidean.