Literatura

Muller, Pamuk, Gao, Magris eta Goytisolo izango dira Bilbon Gutun Zuria jaialdian

Hiru Nobel saridun eta puntako hainbat idazle batuko ditu Bilboko Gutun Zuria letren jaialdiak. Bi asteburu iraungo du: martxoaren 27tik 30era lehenik, eta apirilaren 3tik 6ra ondoren.

Inigo Astiz
2014ko otsailaren 17a
15:02
Entzun

Marka utzi nahi izan dute Bilboko Gutun Zuria jaialdiko antolatzaileek zazpigarren edizioan. Hiru Nobel saridun batu dituzte: Herta Muller errumaniarra, Orhan Pamuk turkiarra eta Gao Xingjian txinatarra. Baina ez da hor amaitzen. Prestigiozkoak dira zerrendan datozen beste idazleak ere. Hamaika sari jasotakoak haiek ere. Claudio Magris idazle italiarra eta Juan Goytisolo kataluniarra, adibidez. Gaia izan dute alde, Marisa Blanco jaialdiko zuzendariak azaldu duenez. “Guztiek onartu dute pozez eta entusiasmoz”. Mugan jarri dute begia, izan ere: Mugako kontakizunak leloa izango du jaialdiak. Eta bi asteburu iraungo du: martxoaren 27tik 30era lehenik, eta apirilaren 3tik 6ra ondoren.

Herta Muller izango da lehen gonbidatua, martxoaren 27an, eta hark zabalduko du zikloa. Martxoaren 30ean izango da Magris. Apirilaren 3an Xingjian, 5ean Pamuk, eta 6an Goytisolo. Sakoneko gaia bera izango dute guztiek, halere. Antolatzaileek azaldu dute zertaz arituko diren: “Erregimen totalitarioen kartzela fisiko eta buru barrukoez”. Mugez, baina zentzu zabalean ulertuta. Elkarrizketa modura antolatu dituzte solasaldi guztiak, eta guztiak egingo dituzte Bilboko Alondegian. Bertaratzen diren bisitariek, gainera, sortzaileekin hitz egin eta sinadurak eskatzeko aukera izango dute emanaldien ostean. Ardoa ere eskainiko dute topaketa horietan.

Mexikok AEBekin duen mugak ere izango du pisua. Inguru horretako errealitate gordina gertutik ezagutzen duten bi kazetari gonbidatu dituzte horretarako: Lydia Cacho (martxoaren 28an) eta Sergio Gonzalez (apirilaren 3an). Biek ikertu dute herrialde horretako bortxa, eta biek jasan haren mehatxua. Bahitu egin zuten Cacho, eta heriotza mehatxupean bizi da Gonzalez Juarez hirian egindako lanagatik.

Euskal sortzaileak
Jaialdiaren likidotasuna. Hori azpimarratu du Iñaki Esteban kazetari eta Gutun Zuriko aholkulariak. Haren hitzetan, inoiz baino handiagoa izango da bertako idazleen eta kanpotik etorritakoen arteko harremana zazpigarren edizioan. Eta ildo beretik jo du Blancok ere, jaialdiko zuzendariak. “Kultura arteko elkarrizketak sortzea oso aberasgarria da. Euskal idazle batek aukera izatea idazle errumaniar batekin edo idazle turkiar batekin hitz egiteko. Eta hori pulbliko aurrean egin ahal izatea oso aberasgarria da. Horrek egiten du berezi jaialdia”. Hori, beraz, antolatzaileek azaldu dutena.

Eta egon, egongo dira euskal sortzaileak hitzaldietan. Eta zerrenda izango dira, gainera. Baina ez dute elkarrizketan egoteko aukerarik izango. Ez oholtza gainean, behintzat. Iñaki Mendizabal kazetaria aritu da egitaraua osatzeko aholkulari lanetan, eta berak gidatu ditu jaialdiko arduradunak gonbidatuak aukeratzeko. Hala, jaialdian izango dira Txomin Peillen, Ramon Saizarbitoria, Kirmen Uribe, Arantxa Iturbe eta Arantza Urretabizkaia idazleak, eta baita Mikel Urdangarin, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal musikariak, eta Matxalen Bilbao dantzaria ere. Izango du bere lekua euskal sorkuntzak. Baina ez da hartu eman zuzenik izango oholtzan. Martxoaren 29an eta apirilaren 4an egingo dituzte euskarazko sortzaileen ekitaldiak. Eta beste egunetan izango dira kanpotik heldutako idazleak.

Sarrerak lortzeko aukera zabalik da jadanik, eta egitarau osoa ikusteko jo webgune honetara: www.alhondigabilbao.com.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.