Mundu berri batera bidaia, musika eta literatura batuta

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak musika ipiniko dio Kirmen Uriberen 'Bilbao-New York-Bilbao' nobelariCopland, Bernstein, Barber, Dvorak eta Aita Donostiaren obrak eskainiko dituzte

Kirmen Uribe idazleak eta Lawrence Renes zuzendariak EOSekin batera kontzertua eskainiko dute Euskal Herriko hiriburuetan. GORKA RUBIO / ARP.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Kirmen Uribe idazleak (Ondarroa, 1970) eta EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bidaia musikal eta literarioa eskainiko dute datorren astean. Uribek Bilbao-New York-Bilbao nobelaren pasarte poetiko eta xamurrenak irakurriko ditu, XX. mendean AEBetan eta Euskal Herrian sortutako musikarekin nahastuz. Nobelaren isla diren piezak aukeratu dituzte kontzerturako, kulturaz eta bidaietan aurkitutako berrikuntzez hitz egiten dutenak.

Alde batetik, New York hiriarekin oso lotuta dauden hiru musikagile estatubatuarren obrak hautatu dituzte: Aaron Coplanden (New York, 1900-1990) Fanfare for the Common Man, Leonard Bernsteinen (Lawrence-New York, 1918-1990) Candide operetaren obertura eta Samuel Barberren (West Chester-New York, 1910-1981) opus 11 harientzako adagioa. Bestetik, New Yorkeko doinuekin lotu dituzte Aita Donostiaren (Donostia, 1886-1956) Rapsodia Bascongada. I. Itsasoan eta Antonin Dvoraken (Praga, 1841-1904) 9. sinfonia mi minorren opus 95 eta Mundu berriaren sinfonia. Musikagileen obrak Lawrence Renes zuzendari gazteak (Amsterdam, 1970) bilduko ditu, Uriberen hitzak musikarekin tartekatuz. Datorren astelehenean izango da lehen kontzertua, Donostiako Kursaal auditoriumean. Ondoren, Iruñeko Baluarte auditoriumean izango dira hilaren 6an, Bilboko Euskalduna jauregian 7an, Donostian berriz ere 8an eta Gasteizko Principal antzokian 9an.

Hitzei musika ipiniz

Hitzek musikarekin bat egiteko, Uribek kontu handiz aukeratu ditu liburuko pasarteak, itsasoari egindako keinuak, Ricardo Bastidaren inguruan idatzitakoa eta semearentzako poema nabarmenduz. «Arrainek eta zuhaitzek elkarren antza dute...» nobelari hasiera ematen dion lehen pasartea irakurri ondoren, Uribek Renesi txanda pasa, eta orkestrak kementsu ematen dio hasiera Dvoraken sinfoniaren Allegro con fuoco laugarren mugimenduari.

AEBetara egindako bidaia batean oinarrituta idatzi zuen Uribek Bilbao-New York-Bilbao lehen eleberria. Nobela bera bidaian idatzitako hainbat pasarterekin osatua dago, eta hiru belaunalditako istorioek lotura egiten dute Ondarroa itsasertzeko herriaren eta New York hiri kosmopolitaren artean. Pasarte horiei musika ipintzen, bidaia gogoratu du Uribek: «Aukeratutako pasarteei musika jarrita, istorioa hegan egiten has daitekeela dirudi». Liburuarekin literatura arloko Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen Uribek 2008an, eta, haren esanetan, kontzertuak istorioaren amaiera borobilduko du: «Zikloari amaiera ematen dio kontzertuak. Istorioak XX. mendeko pertsonaiak biltzen ditu, eta, horregatik, garai bereko musikagileak aukeratu ditugu». Iñigo Alberdi EOSeko zuzendari orokorrak Robert Schumannen hitzak gaineratu ditu: «Hitza bukatzen den unean hasten da musika».

Indarra eta nostalgia

Antonin Dvorak, lehen aldiz AEBetara iritsi zenean, kontinente berri bateko kultura eta musika estiloak ezagutu zituen, eta horietan aurkitu zuen Mundu berriaren sinfonia egiteko inspirazioa. Bernsteinen arabera, Dvoraken lana «obra kultur aniztuna» da, jatorrizko iparramerikarren eta afroamerikarren musikan oinarritu arren, Bohemiako doinu tradizionalak ere nahastu baitzituen.

Uriberen ustez, kulturen truke musikala erabat doa liburuarekin: «XX. mendeari errepasoa egiten diote bai musikak eta baita istorioak ere, eta biek ezin hobeto egiten dute bat. Tradizioan oinarrituz, aurrera begira jarri ziren musikagileak, musika modernoa sortuz. Dvoraken sinfoniak ederki laburtzen du kulturen nahasketa eta garai hartan bizitako aldaketak, bai kulturalak eta baita musikalak ere».

Dvorak, Bernstein eta Coplanden obrak indartsuak eta konplexuak dira, eta kontrastea egiten dute Barberrenaren xamurtasunarekin. Bakoitzaren ezaugarriek istorioaren kontakizuna osatzen dute, Uriberen esanetan: «Liburuan suma daitekeen artista giroa erakusten dute aukeratutako musikagileek. Coplanden obra abertzaleak indarra erakusten du; Bernsteinek New Yorkeko hiria deskribatzen du, eta Barberrek, berriz, mina azaleratzen du beste inork ez bezala. Haiekin zubia eginez, Aita Donostiaren obrak tradiziotik modernorako bidea eta itsasoarekiko lotura islatzen ditu. Ezin nuen alde batera utzi Aita Donostiaren lana».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.