Izugarri aldatu da mundua 1982tik hona, eta, zer esanik ez, teknologia. Orain dela 30 urte ordenagailu pertsonalaren hastapenak ziren; Spectrum eta Amstrad zahar haiek iraultza soziologiko eta teknologiko bat iragartzen ari ziren. Horrez gain, bideo jokoen eztanda lehertzear zen; Pacman-en ostean, Arkanoid eta beste batzuk hasi ziren jolas aretoetan futbolin klasikoaren lekua hartzen. Gaur egun historiaurre urruna diruditen kontu horiek nahiko hurbileko gertaerak dira, eta garai horiek ongi jaso zituen Tron filmak.
1982an Steven Lisbergerren pelikula ailegatu zenean, oraindik ere zinema pantaila handietan ikusten zen. Multi-zinemak apenas existitzen ziren, eta etxean filmak ikustea ia kimera hutsa zen. Ez zen Interneteko deskargen inguruko inongo eztabaidarik. Egoera horretan estreinatu zen Tron.
Film berritzailea izan zen, ordenagailuz sortutako agertokiak erabiltzen lehenetarikoa izan baitzen. Zientzia fikziozko filmak orainaren eta etorkizunaren gaineko begirada luzatu zuen. Istorioan, ordenagailu barruko programak bizirik daude, izakiak balira bezala. Mundu erreala eta digitala dimentsio diferenteetan daude, eta pertsonaiek batetik bestera egiten dute salto.
Estreinatu zenean, ez zuen arrakasta handirik izan. Alderdi teknikoek berrikuntza handia ekarrita ere, istorio nagusia ahul samarra da. Baina urteen poderioz kultu filma bihurtu da Tron, eta gaur egun Disney etxeak ekoitzitako film horren estetika eta modernitatea irrigarri gerta litezkeen arren, ukaezina da eragin handia izaten segitzen duen klasiko txiki bat dela Lisbergeren filma.
Zineman argia da Tron-ek utzi duen arrastoa. Asko dira 30 urte hauetan iturburu horretatik edan duten film ezagunak: EXistenZ (David Cronenberg, 1999) eta The Matrix bera (Wachoski anaiak, 1999). Horregatik, ez da harritzekoa pelikulari segida eman nahi izatea. Aspaldiko asmoa izan da, baina, zenbait gidoi batetik bestera ibili ostean, azkenean ia 30 urtez berandutu da Tron-en bigarren partea.
Protagonista gazteak
Avatar filmak (James Cameron, 2009) izan zuen izugarrizko arrakastak azkartu zuen Tron: Legacy egiteko prozesua. Nolabait, Disney etxeak hari eman nahi dion erantzuna da. Dirutza gastatu dute — 200 milioi eurotik gorakoa da aitortutako aurrekontua—, eta teknikarik berritzaileenak erabili nahi dituzte frankizia berri bat sortzeko. Ikusteko dago zein den ikasleen erantzuna, gazte gehienek ez baitute filmaren lehen partea ezagutzen.
Tron: Legacy-n hainbat gauza aldatu dira. Hasteko, Lisbergerrek ekoizle lana beretzat gorde du, eta zuzentzeko ardura hasiberri batek hartu du, Joseph Kosinskik. Aitaponteko ona du Kosinskik, David Fincherren begikoa baita. 1974an jaioa izaki, ez zuen bere garaian ikusi Tron; 1990eko hamarkadan deskubritu omen zuen filma. Orain haren ardura izan da hari segida ematea.
Aktoreen artean ere hainbat aldaketa izan dira. Lehenengo Tron-etik bi nagusi mantendu dituzte: Jeff Bridges, Oscar saria irabazi berria duena, eta Bruce Boxleitener. Baina urteak ez dira alferrik pasatu, eta gaur ezin dira saltoka ibili: bigarren mailako rolak dituzte. Horrela, bi protagonista gazte ditu filmak, Garrett Hedlund eta Olivia Wilde.
Hedlundek Sam Flynnen rola du; Bridgesek jokatzen duen Kevin Flynnen semea da. Aita desagertu egin da, eta Flynn gaztea haren bila hasiko da. Bilaketa horren barruan, arcade jokoen munduan ikertzen hasiko da, nonbait aita hor izan baita azken 25 urteetan. Quorra lagunarekin batera, mundu ezezagun batean sartuko dira. Aita aurkituko dute, baina arriskuz beteriko inguru batean irauten ikasi beharko dute.
'TRON: LEGACY'
Zuzendaria: Joseph Kosinski.
Aktoreak: Jeff Bridges, Olivia Wilde, Michael Sheen, Garrett Hedlund, James Frain, Bruce Boxleitner.
Herrialdea: AEBak.
Urtea: 2010.
Iraupena: 94 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Ipar Euskal Herrian hurrengo urtean estreinatuko dute.
Zinema. Estreinaldiak
Mundu birtual berritua, 30 urte geroago
1980ko hamarkadako zientzia fikziozko klasiko txikiaren jarraipen garestia da 'Tron: Legacy', Joseph Kosinskik zuzendutako lana'Arcade' jokoen mundua ikertuko du filmeko protagonistak, aita desagertuaren bila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu