Irasagarrak, hozkailu bat, komun bat, leihoak, armairuak, gertukoen eta urrutikoen erretratuak, hirien paisaiak... Horiek eta tankerakoak ageri dira Antonio Lopezen (Tomelloso, 1936) margolanetan. Eta sarri askotan nabarmendu dute artista espainiarrak pinturaren bidez errealitatea deskribatzeko duen abilezia. Halakorik uka ezin daitekeen arren, bestelako alderdi batek eman dio atentzioa Javier Biar Arte Eder museoko zuzendariari: «Mundu sinboliko konplexua dago Lopezen obraren atzean. Errealitatearekin batera, pertsonaren izateak ere indar handia du bere obran». Hots, errealitatea osatzen duten elementuekin pertsonak zer-nolako harremanak ezartzen dituen aztertzen du artistak, koadrorik koadro eta eskulturarik eskultura. 130 inguru bildu ditu Arte Eder museoak Lopezi eskainitako atzera begirakoan. Atzo inauguratu zuten, eta gaur zabalduko dute jendearentzat, Madrilgo Thyssen-Bornemisza museoan sekulako arrakasta izan ondotik.
Nolanahi den, erakusketa biak ez diraguztiz berdinak. «Bilbokoa nire barneari begiratzea bezalakoa da», esan du Lopezek. Areto bakar batean atondu dute erakusketa, eta gaika barik, kronologikoki paratu dituzte lanak. «Bizitza oso bat dago hor. Neronek ere ikusi dut bat-batean. Nire bizitza osoa erakusketa batean. Alde horretatik, Madrilgoa baino fidelagoa da Bilbokoa. Hobeki erakusten du nire memoria biografikoa eta artistikoa».
Hala ere, Thyssen-Bornemiszatik margolan eta eskultura guztiak ekartzea «ezinezkoa» izan dela azaldu du Biarrek. Bildumagile batzuek ez dituzte hainbeste denboran utzi nahi izan beren lanak, eta igeltsuzko eskultura batzuk ez zeuden bidaia egiteko moduan. Ondorioz, Madrilgo Kale Nagusiaren ikuspegiaz Lopezek landutako margolan enblematikoa, esaterako, ez da izango Arte Eder museoan. Baina horren ordez Hozkailua lan ederra ikusi ahal izango da.
Eta Madrilgo irudiak ez dira faltatuko erakusketan. Izan ere, Kale Nagusiaz oraintsu lantzen ari den seriea jaso dute erakusketan. Artistaren lantegitik zuzenean ekarri dute Bilbora. Zazpi margolan dira, denera. Eta amaitu gabe daude, sortze prozesuan. Hartara, Lopezen lan egiteko moduaren berri izango dute ikusleek. Zerk ematen dion interesa aurrena, nola antolatzen dituen geruzak, planoak, irudiak, argiak eta koloreak.
Aurrez, oso bestelako margolanak ondu ditu Lopezek. Eta erakusketaren hasieran daude horiek. Ukitu metafisiko eta surrealista dute hastapeneko margolan eta eskulturek. Natura hil berezi samarrak pintatu zituen, besteak beste, edozein etxeko sukaldeko mahaian aurki daitezken osagaiak eta mamu itxurako giza figurak tartekatuz. Ohiz kanpoko surrealismoa jorratu zuen 50eko eta 60ko hamarkadetan. Errealismo magikoa edota errealismo metafisikoa. Sasoi berekoak dira Tomellosoko paisaiak eta bere etxeko konketa eta ispiluaren irudia.
Orobat, zuhaitzek interesa piztu zioten. Bereziki, fruitu arbolek: mahatsondoek eta irasagarrek. Halako bat pintatzeko artistak eginiko prozesu zehatza jaso zuen Victor Erizek 1992an zuzenduriko El sol del membrillo filmean. Eta erakusketan paperean eginiko arkatzezko marrazkiak jaso dituzte, halaber. Arreta handiz landurikoak dira, xehetasun ugariz. Giza edertasun kanonak marrazkiaren eta eskulturaren bidez ikertu ditu, batik bat, Lopezek.
1993an, Madrilgo San Fernandoko akademiako kide oso izendatu zuten. Eta 2006an, Arte plastikoen Velazquez saria jaso zuen.
Mundu sinbolikoaren erretratuak
Antonio Lopezen atzera begirako erakusketa ireki dute Arte Eder museoanIrasagarren irudi tipikoak eta Madrilgo Kale Nagusiaz oraintsu lantzen ari den seriea daude Bilbora ekarritako 130 lanen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu