«Oinez doan gizonak bere bikoitz alderantzikatua behar du, bere mugimendua areagotzeko». Bere ideia artistikoak margolanetan islatu zituen Marc Chagallek, eta artistaren esaldi hori izan daiteke haren lanetan pertsonak eta objektuak buruz behera edo hegan ari balira bezala irudikatzeko arrazoia. Hori da XX. mendeko margolaririk handienetako bat izan zenaren ezaugarri nagusietako bat. Grabitatearen legeak ez ezik, denbora eta geografia mugak ez onartzea zen beste bat. Ideia horiei bere ukitu surrealista propioa emanez, mundu oniriko koloretsu bat sortu zuen artistak. Horren erakusgarri diren 139 lan jarri dituzte Donostiako Kubo-Kutxa aretoan. Gaurtik urriaren 9ra arte egongo da zabalik Chagall. Sens Dessus Dessous erakusketa. Euskal Herrian margolariaren lanen halako bilduma bat ikustekoaukera dagoen lehen aldia da.
Bielorrusian jaio zen, Vitebsk herrian, 1887an; Errusian igaro zuen haurtzaroa. Parisera jo zuen gero, eta AEBetara ondoren, erbestera, II. Mundu Gerrarekin. Artista ibilbide luzean, arte modernoko hainbat joerarekin lotura izan zuen; kubismoa, fauvismoa eta surrealismoa, tartean. Baina haien ertzetan kokatu zen beti, bere independentzia eta estilo propioa landuz —surrealistek hainbat aldiz gonbidatu zuten mugimenduko kide izatera, baina beti egin zion uko—. Margolanetan ametsen mundua irudikatu bazuen ere, bere bizipenek eragin nabarmena izan zuten bere lanetan; hala, ohitura juduak eta Errusiako nekazaritza munduko irudi ugari ondu zituen. Zirkuaren mundua eta autoerretratuak dira Chagallen lanetan errepikatzen diren beste gaietako batzuk. Horien arabera, bost atalen arabera antolatu dute erakusketa: Autoerretratuak, Paisaiak, Chagall surrealista?, Zirkua eta Biblia izeneko bildumetan.
Chagallek behi berdeak, zaldi hegalariak eta buruz behera edo jira-biraka dabiltzan pertsonaiakzergatik margotzen zituen ulertzeko gogoetan lagundu nahi du erakusketak, Elisabeth Pacoud-Reme komisario eta Nizako Marc Chagall museoko kontserbatzailearen hitzetan. Frantziako museo horretatik ekarri dituzte lan gehienak —oihal gaineko olioak, zirriborroak, gouach-ak, arkatzak, akuarelak, akuaforteak, litografiak...—, baita Paris eta Suitzako bilduma pribatuetatik ere. Hor eta Italian erakutsi ostean iritsi da Donostiara erakusketa, eta gero ez dute beste inon jarriko.
Hiru oinarrik azaltzen dute artistaren ildoa, komisarioaren ustez: politikoak, erlijiosoak eta artistikoak. Politikoari dagokionez, Errusiako 1917ko iraultzaren lehen urteetan harekin bat egin izanak, gerora aldendu bazen ere aztarna utzi ziona, bai irudietan bai «aldaketa edo biraketaren zentzu horretan ere», Pacoud-Remeren ustez. AEBetako erbestealdian haurtzaroko irudiak berpiztu zitzaizkion. Gerra eta haren ondorioz juduek pairatu zituztenak oihalean irudikatu zituen, bere modura. Chagall izugarri erlijiosoa zen, judaismoaren barruko sekta bateko kidea, komisarioaren arabera. Elkarte horren gogoeten eraginez, denbora eta espazioaren mugekin hautsi zuen, denbora «kontzeptu zikliko bat» baitzen haientzat, eta hala islatu zuen bere lanetan. Irudi erlijiosoak eta juduen eguneroko bizitzako eszenak ere ugariak dira.
Alderdi artistikoan, berriz, pintura akademikoa zalantzan jarri zuela nabarmentzen du komisarioak. «Dena astintzeko, hankaz gora jartzeko modu hori surrealisten aurrekoa da». Lan guztietan nagusi da mundua hankaz gora jartzearen ideia, baina autoerretratuetan, esaterako, oso agerikoa da. «Egiten ditut, bai, baina ez beste guztiek bezala», zioen. Horren lekuko da L'homme à la tête renversée (1919), erakusketako lanik zaharrenetarikoa. Eserita, burua atzera botata duela ageri da, bere herriari begira. Areto nagusiko sarreran, eskuinaldean dagoen gela txikian jarri dute lan hori, beste dozenaka autoerretraturekin batera. Halere, beste obra askotan marraztu zuen bere burua, oharkabean bezala.
Arte politiko eta erlijiosoa
Résistance, Résurrection, Libération triptikoa (1937-1948) Georges Pompidou zentrotik ekarri dute. Haren artelan ezagunenetakoa den horrek biltzen ditu, komisarioaren ustez, Chagallen obra osoa azaltzen duten hiru oinarriak. Hasieran lan bakarra zen, eta Errusiako Iraultzaren 20. urteurrenerako hasi zen lantzen. Erbestealdian, ordea, hiru zatitan ebaki zuen, eta urteak behar izan zituen bukatzeko, aldaketa ugari egin baitzizkion.
Lehen bi zatietan Jesu Kristo gurutziltzatua ageri da erdigunean —haietako bat Lenin zen hasieran—, baina ez kristauen ikono gisa, sakrifizioaren metafora gisa baizik, gerraren eraginez. Triptikoaren hirugarren zatian,gerrak suntsitutako bere ingurune judua baikortasunez irudikatzen du, mundu hori ez dela guztiz galdu adierazteko. Obra osoan agertzen dira figura alderantzikatuak —baita bere burua ere, sufrimendu horren lekuko—, «alde ludiko bat baino, artistaren izaeran guztiz errotutako arrazoien ondorioz» sortuak, komisarioaren hitzetan. Aldamenean, goiko solairuan, erlijioa lantzen duten obrak daude, Biblia atalean. Hain zuzen, Bibliako pasarteen grabatuen sail bat dago, baita Mezu biblikoa eta Kantarik ederrena sailen zenbait margolan ere.
Beste horma batean paisaiak bildu dituzte. La luge dans la neige (1944) nabarmendu du komisarioak, mugarik eza eta eramaten uztearen plazeraren erakusle dena. Elurretan lera bat daraman zaldi gorri hegodun bat ageri da, eta haren azpian artistaren herria, buruz behera, iraganaren metafora gisa. Elurretan leiho txiki bat ireki zuen dago, oroimena adierazteko. Haurtzaroko Errusiako paisaiak dira nagusi, nostalgiaz betetako ametsen moduan irudikatuak. Aldameneko horman, zirkuaren munduko pertsonaiak jasotzen dituzten lanak daude, trapezistak, akrobatak... denak jira-biraka, denak koloretsu.
Margolan sail zabalena, ordea, Chagall surrealista? izenburupean bildu dute. Hark etiketa horri beti uko egin zion arren, haren lanak erreferentziazkoak izan ziren hainbat mugimenduentzat, tartean, surrealistentzat. Horregatik jarri dute galdera ikurra izenburuan. Artistaren ustez, nahi izanez gero haiek bezala margotzeko gai zen, «baina Chagall izaten jarraitzen zuen», komisarioaren hitzetan. Hainbat lanetan ahuntzak edo txoritxoak «burla moduan» jartzen zituela uste du, nekazaritza eremuko irudiak gogora ekartzeko ez ezik. Sail berean kokatu dituzte Parisen Andre Breton, Joseph Delteil, Pierre Reverdy eta beste zenbait idazlerentzat egin zituen ilustrazioak ere.
Bere surrealismo propioa zentzu literalean hartzen du Chagallek, Pacoud-Remeren ustez. Hala, maiteminez burua galdu duen gizona irudikatzeko, halaxe margotuko zuen, bururik gabe. Bere ildoari eutsi zion margolariak ibilbide osoan. Frantzian hil zen, 1985ean. Idatzita utzi zuen: «Ez litzaidake besteak bezalakoa izatea gustatuko; mundu berri batean bizi nahi dut».
Mundua hankaz gora
Marc Chagall pintorearen iruditeria oniriko koloretsuaren erakusle diren 139 lan ikus daitezke gaurtik Donostiako Kubo aretoanDenbora-espazio mugak hautsi, eta hainbat norabidetan jartzen zituen pertsonaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu