Munduari bira, kantuz eta barrez

Bikote artistiko baten ibilerak taularatu dituzte Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak 'Xentimorik gabe' obran

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Azken hogei urteak munduan zehar bueltaka eman dituzte Ray-k eta Nick-ek. Munduko herrialde ia guztietatik pasatu dira bi artistak, bere kantu, musika, dantza eta umore ikuskizunekin. Krisiak eta arrakasta, denetarik bizi izan dute urteotan, etxera itzultzeko garaia zela erabaki arte. Herriminak jota eta hamaika abentura bilduta itzuli dira Euskal Herrira, baina hasierako kemen eta ilusio berarekin. Xentimorik gabe ikuskizunean erakutsiko dituzte bikote artistikoaren ibilerak Ramon Agirrek eta Inazio Tolosak, Asier Sotaren zuzendaritzapean. Dagoeneko Igeldon eta Loiolan (Donostia) saio bana egin dituzte, eta antzezlana Euskal Herri osora zabaldu nahi dute orain.

Umorea eta musika dira ikuskizunaren osagai nagusiak, bi aktoreek atzo argi utzi zutenez. Emanaldiaren nondik norakoak Doka kafe antzokian eginiko antzezpen labur baten bidez eman zituzten, beren pertsonaien ahotan gehienetan, jokatzen duten rola albo batera utzita besteetan. «Hemen ginen gu duela hogei urte, nazka-nazka eginda», azaldu zuen Agirrek, pertsonaiaren rolean. «Galduta, kemenik gabe, ilusiorik gabe, xentimorik gabe... ospa egin beharra zegoen, eta bira bati ekin genion», zehaztu zuen Tolosak. Hogei urtetik gora luzatuko zen bidaiaren hasiera zen.

«Plagioak ziren gure espezialitatea». Abeslari bikoteak imitatzen zituzten gehienbat: Simon and Garfunkel, Al Bano eta Romina Power, Pantxo eta Peio... Baina baita bakarlariak ere. «Eta batez ere Elvis!», gogoratu zuten, gitarra hartu eta haren kanta bat jotzeko. «Elvisek kristoren moskeoa hartu zuen!». AEBetan izan zirenean gertatu zen hori. «Baina non ez gara ibili!». Frantzian, esaterako, bizpahiru aldiz izan ziren. «Georges Brassensen koadrilakoak ginen garai hartan», gogoratu zuen Agirrek. Haren kantak «plagiatu» zituzten, baita Ricky Nelsonen Hello Mary-Lou, edo Adriano Celentanorenak Italian...

Uruguai, Paraguai, Eslovenia, Eskovakia, Brasil, Mexiko, Tirol, Errusia, Myanmar, Senegal, Argentina, Mongolia... «Baina Gu gara Euskadiko gazteri berria-rekin hasten genituen ikuskizun guztiak», gogoratu zuen Agirrek, kanta horren zatiak herrialde bakoitzeko estiloan interpretatuta. «Hori izan zen gure lehen singlea». Fama, arrakasta eta luxua ezagutu omen zituzten kanta harekin. «Baina gogorra egiten da azkenean, eta bat aspertu egiten da». Honorio topatu zuten halako batean, haien lagun zahar eta terapeuta, eta «Otañoren sindromea, herrimina» zutela diagnostikatu zienez, etxera itzuli ziren. Ezkontza, bataio eta enpresa bazkarietan ikuskizunak eskaintzeko gogoz dabil orain bikotea.

Asier Sotaren zuzendaritza

Elkarrekin zer edo zer egin nahi zuten bi aktoreek, eta Asier Sotari deitu zioten ordubeteko ikuskizuna atontzeko. Haren eta Pako Aristiren laguntzaz egokitu dituzte «kantuen plagioak» saiorako. «Denok jarri dugu zer edo zer kantu eta testuetan, sorkuntza kolektiboa izan da», Agirreren hitzetan. Kanten aukeraketa, berriz, buruan zituzten doinuetatik egin dutela azaldu zuen: «Gustuko genituen gauzak atera dira».

«Gure ikuskizunari puzzle edo collage esaten diote batzuek; guk anabasa esaten dugu, nahaste-borrastea». Bikotearen pasadizo xelebreenak kontatzen saiatzen badira ere, dezente inprobisatzen dutela dio Agirrek, «Inaziorekin bestela aritzea ezinezkoa baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.