Munduko inprobisatzaileekin komunikatzera

Fredi eta Xabier Paia eta Maialen Lujanbio Brasil, Argentina eta Uruguaira joan dira bertsotan egitera

AINARA GOROSTITZU DONOSTIA
2008ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Iazko udan Wilson Saliwonczyk payadore argentinarra izan zen Euskal Herrian. Payadoreena eta bertsolariena arte bera dela zioen: «Bai, bera da. Pintura bera da Florentzian eta Malagan. Gero, Da Vinciren eta Picassoren koadroak bereiziko dira, ezaugarri desberdinengatik». Paiatarrekin, Fredi eta Xabi Paiarekin, bost emanaldi egin zituen orduanpayadoreak hemen. Eta orain, paiatarrak eta Maialen Lujanbio Argentinara, Brasilera eta Uruguaira joango dira, bertsotara.

Bertsozale elkarteak «nazioz gaindiko inprobisazioarekin harremanetan jartzeko duen asmoari» erantzuten dio paiatarren eta Lujanbioren egitasmoak, Fredi Paiak azaldu duenez, eta Saliwonczyken ahalegina dago atzean, hemengo esperientziaren ondotik Hego Amerikako inprobisazioaren mundua eta bertsolaritza uztartzeko nahia izan baitu.

«Hizkuntzen mugen gainetik inprobisatzaileekin komunikatzea da gure erronka», esan du Paiak. «Orain arte egin izan diren elkarketa askotan bakoitzak berea egin du, haiek dezimak kantatu eta gero guk bertsoak, elkarrekin komunikatu gabe; orain bestela egin nahi dugu». Saliwonczyk etorri zenean Fredik kantatutako bertsoak itzultzen zituen Xabi Paiak, gaztelaniara eta errimaturik, eta haiei erantzuten zien Saliwonczykek.

Inprobisatzaile gaztelaniadunekin abestuko dute Brasilen, Argentinan eta Uruguain, baina baita hizkuntza indigenetako kantariekin ere, Amazoniako ururu indigenekin esate baterako. Hego Amerikako inprobisazioaren artea landa inguruetan nabarmentzen da, «oraindik ez dago hiriko errealitatean sartua».



GAUR LEHEN SAIOA. Atzo arratsaldean abiatu ziren Euskal Herritik, eta gaur bertan dira lehen saioa egitekoak,Sao Pauloko (Brasil) unibertsitatean. Bertsoa ezagutarazteaz gain, euskal kultura aurkeztea ere bada bidaia honen helburuetako bat. Hainbat bideo emanaldi eta hitzaldi egingo dituzte horretarako, baina, horrez gain, hango inprobisazioaren berri jaso nahi dute.

Brasilen gaur eta bihar izango dituzte saio eta hitzaldiak, eta handik Uruguaira joango dira, Montevideoko unibertsitatera. Argentinan Saladillon, Cascomusen eta 9 de Julion egingo dituzte emanaldiak. Unibertsitateetan bertso saioak eta hitzaldiak emango dituzte; euskal etxeetan, berriz, saio arruntagoak izango dira. Horrez gain, Radio Nacional de Buenos Airesek inprobisazioari buruz duen irratsaioan bertsolaritzari buruzko programa egingo dute. Apirilaren 1ean itzuliko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.