Mundura zabaldutakoa

Eduardo Txillidaren heriotzaren hamargarren urteurrena dela eta, hainbat ekitaldi egingo dira

Luis Txillida Eduardo Txillidaren semeetako bat, atzo, Txillida Lekun. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Hernani
2012ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Bere burua definitzeko eskatzen ziotenean, Eduardo Txillidak (Donostia, 1924-2002) zera esaten zuen: «Zuhaitz baten modukoa naiz: sustraiak bere herrialdean izanagatik, adarrak mundura zabalduta dauzkana». Eta haren heriotzaren hamargarren urteurrena dela eta, Txillida Belzunze fundazioak «mugarik gabeko ospakizun bat» antolatu du, artistaren omenez. «Haren irudia eta lana gogoratzea ohore handia da familiarentzat, eta ilusio handia egiten digu», adierazi zuen Luis Txillida semeak, atzo Txillida Lekun egindako agerraldian. Hartara, mundura zabaldutako «eta artearekin, kulturarekin eta gogoetarekin harremana duten» hainbat ekitaldi egingo dira aurten.

Txillidaren lanekin osatutako erakusketetako batzuk joan den urtarrilean ireki zituzten, eta, urtea amaitu bitartean, Munsterren (Alemania), Korean, Parisen, Londresen, Munichen eta Berlinen egongo dira ikusgai, besteak beste. Guztira, hamar erakusketa baino gehiago egingo dira aurten Txillidaren obrekin. Gainera, Etxepare Institutuak Txillida Katedra ireki du Frankfurteko Unibertsitatean (Alemania), eta Juan Mari Arzak sukaldariak Txillidari omenaldia izeneko postre bat osatu du.

Abuztuaren 19ko ekitaldia

Ekitaldiei dagokienez,Txillida Lekun bertan egongo dira horietako batzuk —museoa zena itxita dago joan den urteko urtarrilaren 1etik, arazo ekonomikoak direla medio—. Kontuan hartzekoak dira datorren hilaren 26an egingo den argazkilaritza rallya, hurrengo bi hilabeteetan Memoriaren Lorategia espazioan artistari egingo zaion omenaldia, eta uztailean eta abuztuan egingo den Uda bat Txillidarekin argazkilaritza lehiaketaren bigarren aldia.

Abuztuan bertan egingo da, hain zuzen ere, ekitaldi guztietan inportantena. Abuztuaren 19an, artistaren heriotzaren hamargarren urteurrenean, 100 hitz Txillidarentzako ekitaldia ospatuko dute Txillida Lekun. Egunsentian ezagutu nuen obra mintegia egin zuten iaz toki berean, eta haren amaieran Txillidaren hitzak zituzten 100 puxika bota zituzten airera. «Orain nahi dugu artistari eskainitako hitzak Txillida Lekura itzultzea», esan zuen artistaren semeak. Horregatik, zientziaren, artearen, literaturaren eta besteren 100 bat pertsona ospetsuk hitz batzuk eskainiko dizkiote. Lekukotasun horiek liburu batean bilduko dituzte. Hala ere, edozein pertsonak eskaini ahal izango dizkio «100 hitz» artistari. Idazlan guztiak Txillida Lekuren webgunean jarriko dituzte.

Egun hortan bertan Helsinkiko Museoak ere omenaldia eskainiko dio artistari, eta oraindik ere zehazteke dagoen arren, kultur arloko munduko beste instituzio batzuek ere Txillida omenduko dute, eta «100 hitz horietako batzuk» zeintzuk diren jakin ahal izango da.

Urtearen azken hilabeteetan, berriz, artistaren logotipoen eta irudien erakusketa bat egingo da Madrilgo ABC Museoan. Era berean, haren eskulturen arrazoitutako katalogo bat aurkeztuko dute urtearen azken hilabeteetan, eta irailaren 1etik 6ra, berriz, Ontologiaren Nazioarteko X. Biltzarra egingo da Txillida Lekun. Gainera, besteak beste, sinposiumak egingo dira Madrilen eta Berlinen. Luis Txillidak adierazi du oraindik ere beste ekitaldi batzuk zehazteke daudela, eta edozeinen proposamenak «aditzeko eta aztertzeko» prest daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.