Murakamiren unibertsoa... saltoki handietan bezala

Takashi Murakami japoniarrari inoiz eskainitako atzera begirako erakusketarik handiena inauguratu dute Guggenheimen

IRUNE BERRO / BILBO
2009ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Sar zaitezte eta ikus ezazue saltoki bihurturiko museoa. Murakamiren unibertso bihurtu baita Guggenheim. Kaikai Kiki fabrikan artista japoniarrak saldoka ekoizten dituen obrak, arte japoniar tradizionala, manga eta animazioa uztartzen dituzten lanak Bilboko museoan ikus daitezke gaurdanik. Merkataritza gune handietan bezala. Orain inoiz baino gehiago, artea ikuspuntu merkantilistatik kontsumi daiteke Guggenheimen. Los Angelesko MOCAn, New Yorkeko Brooklyn museoan eta Frankfurteko Arte Modernoko Museoan erakutsi ondoren ekarri dute artista japoniarrari inoiz eskainitako atzera begirako erakusketarik handiena. Eskulturak, pinturak eta animazio obrak biltzen ditu © Murakami erakusketak. 90etik gora.

Baina Takashi Murakamik (Tokio, 1962) bestelako lanak ere ekoizten ditu Tokion eta Brooklynen kokaturiko lantegietan: haren pertsonaia eta ikurren irudiak dituzten mahai-jokoak, kamisetak, panpinak, txokolate barratxoak, txikleak, paretan jartzeko paperak, sakelako telefonoak, animazio pelikulak, apaingarriak... Murakami unibertsoa osatzen dute horiek guztiek, Murakami enporioa. Guggenheimen ikus daiteke orain produktu horien guztien katalogo zabala, erakusketa itxura hartuta.

Louis Vuittonentzat munduaren luze-zabalean samaldaka saldu diren poltsak diseinatu aurretik, ordea, otaku bat besterik ez zen Murakami, sarri askotan artistak berak gogoratu duenez. Hots, etxeko gelatik irten gabe manga eta animazioa obsesiboki kontsumitzen orduak eta egunak ematen dituzten gazte japoniar horietako bat.

Popetik eta otaku-tik dator Murakamiren estiloa, poku izenekoa. Bi horien fusiotik. «Japoniarrek ez dugu uste museoak eta liburuak goi mailako kultura direnik, ez dugu bereizketarik egiten goiaren eta behearen artean. Eta nik dena uztartzeko joera daukat», adierazi du Murakamik. Japoniako arte tradizionala eta Asiako herri hartako underground kulturaren osagaiak nahasten ditu. Tradizioa mangari eta animazioari lotzen zaizkio artistaren obran. Nolanahi ere, Murakamiren artea hori baino aberatsagoa dela dio Paul Schimmel-ek, erakusketaren komisarioak. «AEBetako pop artetik eta Europako surrealismotik ere badu Murakamiren obrak».

Pinturan murgildu zen Murakami 1991. eta 2000. urteen artean. Bere nortasuna arakatzeko tresna gisa baliatu zuen pintura. Bere identitatea ezagutzeko eta ezagutarazteko. Eta bide horri segituz iritsi zen horren ezagun egin duten autoerretratuetara. Markek interesa sortu diote beti. Eta joera horren emaitza da Tamiya plastikozko maketa fabrikatzaile ezagunaren logoa aldatuta osatu zuen erretratua. Takashi idatzi zuen marka ospetsuaren letra mota eta kolore berberak erabilita. Izenaren azpian, enpresaren eslogana ere baliatu zuen bere burua goraipatzeko: «Munduko onenak». 1992an sortu zuen obra hori, Japoniako ekonomiaren gainbeheraren garaian, baikortasun eta konfiantza adierazteko keinu gisa.

1993an, bere identitatea marka bihurtzeko beste saio bat egin zuen Murakamik. Mr. DOB pertsonaia diseinatu zuen, AEBetako pop artea eta Japoniako gaur egungo kultura, manga eta animazioa uztartuta. Sortzaileak eta sorkuntzak elkarrekin egin dute bidea. Alegia, Murakamik eta Mr. DOB-ek. Artistak bultzaturiko merchandising produktu askoren irudi izan da Mr. DOB. Eta ez bakarrik hura, baita Murakamik sortutako gainerako pertsonaiak ere: Mr. Pointy, Tan Tan Bo, ADN...

Pinturez gainera, Murakamiren aurreneko irudi eskultorikoak ere biltzen ditu erakusketak. Esate baterako, Miss Ko2. Hanka luzeko zerbitzari argala da, eta pop abeslari izatea du amets, Murakamik dioenez. Hiropon eta Nire cowboy bakarzalea eskulturek osatutako multzoa ere ikus daiteke Bilbon. Bular handiak dituen neska gazte bat irudikatzen du batek, eta biluzik ageri den mutil nerabe bat besteak. Ikono hipersexualizatuei aipamen egiten diete biek ala biek.

Gizarte salaketa

Takashi Murakami ez da interpretazio bakar baten aldekoa. Pertsonek, gertaerek eta egoerek alde bat baino gehiago dutela sinetsita dago. Ezer ez dela zuria, ezta beltza ere. Horregatik, bere lanetan muturreko esanahi eta interpretazioak igarriko ditu ikusleak. Nabarmenagoak izango dira batzuetan; eta oharkabean igaroko dira besteetan. Ikusteko atseginak dira Murakamiren obrak, kolore bizikoak, itxuraz interpretazio aski erraza dutenak. Baina alaitasuna eta poza iradokitzen dituzten kolore eta formek interpretazio konplexu eta sakonak gordetzen dituzte beren barruan. Eta ikusleak erabakiko du une oro obren barruko bide horri ekiten dion.

Kolore askotako atzealde handiak dituzten margolanek, esate baterako, hiru eratara interpretatu dituzte kritikariek. Hiroshiman eta Nagasakin jaurtitako bonba atomikoen eragin kimikoak ikusi dituzte lan horietan batzuek, eta gizonezkoen genitalak beste batzuek. Drogen eraginez izaten diren haluzinazioei aipamenik egin dienik ere bada.

Esanahi askoren jabe dira, halaber, Kaikai eta Kiki pertsonaiak. Horiekin batera, Murakamik bere buruaz eginiko beste erretratu bat ikus daiteke Guggenheimen: Inochi du izena. Steven Spielbergen ET filmeko pertsonaia maitagarrian oinarriturik sortu zuen, 2004an.

Orobat, azken urtean osatutako lan adierazgarriak ekarri ditu Bilbora. Esate baterako, Zilarrezko Oval, Buda gisa eskultura (2008). Murakamiren «jainko artistikoa» da obra hori. Edertasun eta harmonia handiko eskultura da, zilarrezkoa, izenak berak aditzera ematen duenez. Buda bat ageri da, meditazio jarrera hartuta, loto lore baten gainean. Haatik, pentsatzeko eta sortzeko, oso bestelako jarrera hartzen du Murakamik. Dioenez, ordenagailu aurrean paratzen da hausnartzeko. Gogoak budismora ihes egiten dionean ere, sagua du eskuan, eta ordenagailuko pantaila da haren obren euskarria. Baita egiten dituen animazio filmena ere.



Argazkilariek arau zorrotzak bete behar izan dituzte obren argazkiak ateratzeko

© Murakami du izena erakusketak, eta ez da kasualitate hutsa. Eztagehiegikeria ere. Copyrightaren aldeko jarrera sutsua du Takashi Murakamik. Bere obrak babesteko ezinbesteko neurria dela dio artistak berak. «Interneten jarritako argazki baten bidez, munduko edozein txokotara irits daiteke obra baten irudia gaur egun. Eta edozeinek erabil dezake», argudiatu du. Horrenbestez, erakusketako obren argazkiak atera ahal izateko, artistak ezarritako arau zorrotzak bete behar izan dituzte argazkilariek. Argazkiak obrei barik, erakusketari oro har egiteko eskatu die Murakamik. Alegia, plano orokorrak egiteko, eta obra osorik ez erakusteko, zati bat besterik ez agertzeko. Egunkariei, halaber, lan horien egiletza eskubideak zehazteko exijitu die.



Erakusketa

Izena: '© Murakami'.

Lekua: Bilboko Guggenheim museoa.

Noiz arte: Maiatzaren 31 arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.