Musika

Musek Kobetamendi lehertu du

Hirukote britainiarrak jaialdiko gainontzeko taldeak baino maila bat gorago dagoela erakutsi du larunbateko kontzertuarekin. 120.000 lagun bildu dira Kobetamendin jaialdiak iraun duen egunetan.

Muse taldea. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
2015eko uztailaren 13a
11:56
Entzun

Luze egin zen Muse hasi aurreko itxaronaldia, baina merezi izan zuen. Hamargarren BBK Live honetako talde bat nabarmentzekotan, hori hirukote britainiarra izan da eta. Egun handietako giroa sumatzen zen larunbat arratsalde hasieratik, hodei beltzak mehatxuka zebiltzan arren. Jaialdi guztian bezala, sarrera guztiak salduta zeuden, baina aurreko egunetan baino nabariagoa zen jende pilaketa. Nabaria zen, baita ere, agertoki nagusiko bolumena, lehenbiziko kontzertuetatik igartzen baitzen altuago zegoela.

Ordu laurdeneko atzerapenarekin taularatu zen Muse, eta xirimiria ari zuela, baina jada berdin zuen, hainbeste itxarondako unea iritsi zen eta. Matt Bellamy, Dominic Howard eta Christopher Wolstenholme guztiarekin irten ziren hasieratik —Morgan Nicholls musikariaren laguntza dute zuzenekoetan—. Kubricken Full Metal Jacket-eko sargentua gogoratzen duen militarra pantailan zela, Psycho-ren lehenbiziko gitarra kolpeak entzun ziren; jendea saltoka, garrasiak eta txaloak, zoramena askatu zen Kobetamendin.

Drones zazpigarren lana aurkezteko biran dabil hirukotea, Europan barrena. The Resistance eta, batez ere, The 2nd Law (ez zuten lan horretako abesti bakarra jo, esanguratsua) lanetan protagonismoa hartu zuten sintetizadoreak eta esperimentuak alboratu, eta sustraietara itzuli da hirukotea: gitarra, baxua, bateria eta ahotsa. Eta larunbateko ikuskizunean ere igarri zen hori: Reapers abesti bizian globo erraldoi batzuk askatu zituzten —Bellamyk bat jo zuen gitarrarekin, irribarretsu—, eta Mercy-n konfeti festa egon zen, baina, oro har, musika izan zen ikuskizunaren ardatza.

Klasiko sorta
Horrelako jaialdietan, esperimentuak alde batera utzi, eta hit-ak dira ikusleak eskatu ohi dituena. Bata bestearen atzetik jauzi ziren Kobetamendin: Resistance, Plug In Baby, Hysteria... Badu non aukeratua hirukoteak. Zaila da Musek duen diskografia ordu eta erdiko kontzertura mugatzea, baina Bilborako egindako aukeraketa egokia izan zela esan daiteke; lehenbiziko garaiko abestiak egungo lasaiagoekin tartekatu zituzten, eta lan berriko kantuentzako tartea ere egon zen. Citizen Erased eta Apocalypse Please-n agertokia lehertu egingo zela zirudien.

Time Is Running Out-ekin azaleragailua sakatu zuen berriro taldeak, eta amaitu arte ez zuen askatu. Drones-eko Mercy eta Reapers-ekin agurtu zuten ikusleria; azken horretan, AC/DCri keinu egin zioten, Back In Black-eko riff ezaguna joz.

Publikoak horrela eskatuta, berriro itzuli ziren agertokira britainiarrak. Ikusleek hasieratik amaierara abestu zuten Uprising izan zen lehen kolpea. Morriconeren Man With an Harmonica jo zuen Wolstenholmek aho soinuarekin, ostean Knights of Cydonia-ri ekiteko. Publikoa jakitun zen kontzertua amaitzear zela, eta hustu egin zen, hamargarren BBK Live honetako kontzertu ikusgarriena borobilduz horrela.

Ilara luzeak, goizetik
Museren hamaika zale agertoki handian jarri ziren ateak ireki zituztenetik; lehenbiziko kontzertuetako publiko kopurua handitu zuen horrek, beraz. Vintage Trouble ikusten, adibidez, jendetza bildu zen, oraindik goiz zen arren. The Cat Empirek dantzan jarri zituen bigarren agertokian zeuden milaka lagunak, gurean arrakastatsuak diren doinuekin. Ska, funk eta ukitu latinoekin nahasten dute rocka australiarrek, eta bat baino gehiago txosnetan balego bezala sentitu zen.

Ez da erraza izaten kartelburuaren aurretik jotzen duen taldea izatea, batez ere, beste taldearen zaleek errespetuz jokatzen ez dutenean. Of Monsters and Men islandiarrek kontzertua hasi orduko, agertoki nagusia jendez lepo zegoen, horietako asko Muse ikusteko lekua gordetzen ari ziren arren. Little Talks arrakastatsuaren sortzaileen ikuskizuna bertan behera geratuko zen zurrumurrua zabaldu zen asteburuan; izan ere, taldekideetako batzuk gaixotu egin ziren; hori dela-eta kontzertua ohi baino laburragoa izango zela ohartarazi zuten pantailetan. Guztiarekin, emanaldi duina eskaini zuen seikoteak, eta Mountain Sound, Crystals eta, nola ez, Little Talks abestiekin goia jo zuen emanaldiak.

Jaialdiaren etorkizunari buruz galdetuta, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazi du kokapen aldaketa, izatekotan, aurrerago izango dela. Hamargarren urteurren borobila izan da BBK Liverentzat, bigarren urtez jarraian sarrera guztiak saldu direlako. Jaialdiak iraun duen hiru egunetan, eta bestelako kokaguneetan eginiko ekitaldietan 141.000 lagunek parte hartu dute. Europako jaialdi handienen mailara iristeko, baina, jauzi bat eman beharra dauka jaialdiak, Kobetamendik eman baitu berea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.