Museoan, bakarrik

'Egunez' lana aurkeztu du Alex Reynoldsek Artiumeko Praxis programan.Errepikapena eta erritmoa landu ditu film batean

Alex Reynolds artista, Artiumen, bere lanaren ondoan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2014ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Harridura eta bakardadea. Horiek dira Egunez lanean Alex Reynoldsek sorrarazi nahi dituen sentimenduak. Horretarako, artistak egoera arrotzean kokatuko ditu bisitariak. Film bat ikusiko dute, baina eurek bakarrik, inguru huts eta biluzian. Bakardade derrigortuan. Publikoa banaka edo binaka sartu ahal izango da sesio bakoitzera. Alex Reynoldsek (Bilbo, 1978) museoak bisitatzeko barneratua dugun modua deseraiki nahi du.

Gasteizko Artium arte garaikideko museoan dagoen obra palinpsestoen antzera dago sortua. Hau da, irudi zaharrekin istorio berri bat sortu du Reynoldsek. Horiek testuingurutik atera, eta hitzak izango balira bezala erabili ditu. «Aspaldiko bidaietan hartutako irudiak dira. Interesgarria iruditu zait horiek berreskuratzea, halako distantziarekin istorio bat kontatu ahal izateko», adierazi du Reynoldsek. Irudiak erritmo jakin batzuetan errepikatuz eta ikuspuntua etengabe aldatuz sortu du narrazioa. Grabazioek oso kalitate eskasa dute, autoreak berak kamera txiki batekin egindakoak baitira.

«Etengabe aditzen dugu 'zinema hizkuntza' adierazpena. Baina ia ez dugu inoiz pentsatzen irudia hitza izan daitekeela», dio Eduardo Garcia Nietok, Praxis 2014 programako komisarioak. Haren aburuz, konturatzen gara hizkuntzak norberarengan sortzen duen kontrolaz. Baina zalantzan jartzen du zenbateraino garen kontziente irudiek eta haien kodeek jendearengan duten kontrolaz, nahiz eta irudien eragina hizkuntzarena baino lehenago jasotzen dugun. Reynoldsek filma bakarka ikustea proposatu du. Bisitariek norbanakoentzat prestatutako egoeran aurkituko dute beren burua, beste pertsonekin hartu-emanak ezeztatuz. Egoera horretan, haien bakartze sentipena indartuko da.

Zinemako elementuak erabiltzea gustuko du Reynoldsek, nahiz eta gutxitan erabili dituen ikus-entzuneko materialak. «Zinema interesatzen zait, enpatia sortzeko makina delako. Beti identifikatzen gara protagonistarekin, nahiz eta gauza erabat arbuiagarriak egin». Haren ustez, zinemak ikuspuntu baten beharra du beti. Hau da, kameraren atzean pertsona bat egotea. Beraz, Egunez lanean Reynoldsek ikuspuntuekin lan egiten du, ahotsekin, narrazioa egiteko moduekin eta gorputzaren bidezko ikasketarekin.

«Behin eta berriro erabili dut gorputzaren bidezko ikasketaren ideia». Errepikapenaren bidez ikasten dira hamaika gauza, hala nola musika instrumentuak jotzen eta hizkuntza berri bat hitz egiten. Hori dela eta, filmean etengabeko errepikapen jokoak egiten ditu, gorputz, narrazio eta hitzekin.

Sortze prozesua

Praxis programak artisten sortze prozesua erakustea du helburu. Kasu honetan, obra bukatua dago, Reynoldsek ez baitu begi onez ikusi lana bukatu gabe erakustea. «Lan bat aurkezten dudanean, gogoeta laneko prozesu bat aurkezten dut. Uste dut hori publiko egitean ixteko ardura dudala». Beraz, proiekzio gelatik kanpo artistak sortze prozesuan erabilitako hainbat liburu erakutsiko dituzte. «Liburuetan sortze prozesuan azpimarratu dituen pasarteen berri izango dugu», esan du Garcia Nietok. Reynoldsek uste du bere oharrak erakusteak eta Egunez lanak berak badutela zerbait voyeurismotik. Gainera, gela handi batean bakarrik egoteak sentsazio hori areagotzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.