Disko luze pare bakarrarekin, bi begiak 80ko hamarkadan iltzatuta dauzkan indie-poparen ordezkari ezagunenetakoa bilakatu da The Pains of Being Pure at Heart. Joan den urtean argitaratu zuen New Yorkeko laukoteak Belong bigarren LPa, eta lan hori aurkezteko birak Euskal Herrira ekarriko du asteburuan. Hiru saio eskainiko ditu taldeak, hirurak arras leku ezberdinetan. Bihar gaueko hamaiketan, saio berezi bat egingo du Guggenheim museoaren atarian, Bilbon —Kowalski eta Kinki taldeekin—, eta, ondoren, goizaldean (01:30ean), Fever klubean ariko da. Ostiralean, berriz, are bitxiagoa izango da The Pains of Being Pure at Hearten agertokia. Astigarragako Petritegi sagardotegian (Gipuzkoa) ariko da laukotea, upelen artean, eta bertara joaten direnek afaldu ondoren ikusi ahal izango dituzte. Homeless Music Festivalen barruan egingo da Petritegiko kontzertua, musika ohiko agertokietatik kanpo eraman nahi duen jaialdian. Aurreko urteetan Donostiako Aquariumen eta Igeldoko parkean antolatu zituzten zuzeneko saioak.
Talde gutxik egin diote itzala The Pains of Being Pure at Heart taldeari indie-poparen eremuan azken bi urteotan. Kip Berman (ahotsa eta gitarra), Peggy Wang-East (teklatua eta ahotsa), Alex Naidus (baxua) eta Kurt Feldmanek (bateria) hasiera-hasieratik jarri zituzten mahai gainean taldearen errezetaren osagaiak. 2007. eta 2008. urteetan atera zituzten lehendabiziko singleak—besteak beste Everything with You—, eta haietan azkar sumatzen zen My Bloody Valentine, Ride, hasierako Primal Scream eta The Pastels zituela taldeak erreferentzia nagusietakoak. Guztiak 80ko hamarkadaren azkeneko urteetan ezagun bilakatu ziren taldeak. Popari gitarrekin gorazarre egiten zieten musikariak denak.
2009an iritsi zen lehenengo diskoa ordura arteko singleek iradokitakoa berrestera. The Pains of Being Pure at Heart urteko diskoetako bat bihurtu zen mundu osoko komunikabide askorentzat, gitarra zaratatsu eta distortsionatuen artean gordetzen zituen melodia gogoangarriei esker (Come Together, Teenager in Love, Young Adult Friction).
Urte hartan bertan, bide neurri batean berri bat erakutsi zuen taldeak Higher Than The Stars EParekin. Mamiari uko egin gabe—hor dago melodia hori—, azala leundu zuen, teklatuei eta sintetizadoreei leku nabarmenagoa uzteko. Modu horretan, besteak beste, New Orderrek eta The Curek taldean izan duten eragina azaleratu zen, nahiz eta hori ere asmatzen zaila ez izan. Say No to Love / Lost Saint singleak (2010) hori berretsi zuen.
2010ean bi aldiz izan zen taldea Donostian: lehendabizi, Jazzaldian, goraino betetako Zurriola hondartzan, eta, gero, neguan, Gazteszenan, askoz jende gutxiagorekin.
Iaz, berriz, taldeak bigarren diskoa argitaratu zuen: Belong. Alan Moulderrek eta Floodek ekoitzi zuten. Diskoak bizkarra ematen dio aurreneko lanaren soinu amateurrari, eta askoz ageriago uzten du The Curek eta The Smashing Pumpkinsek newyorktarrengan izan duten eragina. Baina denboran irauteko gaitasuna duten melodietarako joerari eusten diote, eta hor dago taldearen baliorik handiena. Hor eta zuzenean erakusketan duten freskotasunean.
Museotik upeletara
The Pains of Being Pure at Heart taldeak Guggenheimen eta Petritegi sagardotegian joko du asteburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu