Euskal herri musika irakasteko funtsezko tresna ez ezik, memoria kulturala berreskuratzeko ariketa gisa definitu zuen Jose Angel Irigarai idazleak Aho bete kanta egitasmoa, «Alzheimerra ekiditeko ekimena da». Bilboko Kafe Antzokian egin zituen hitzok, Arteola elkartearen egitasmoaren aurkezpen ekitaldian. Euskal kulturaren eta musikaren ordezkari ugari batu ziren «Bilboko euskaldungoaren plazara»: Mari Jose Ribate Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteko lehendakaria, Tontxu Campos Hezkuntza sailburua Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu du egitasmoa, Xabier Aierdi soziologoa eta Arteola elkarteko lehendakaria eta Antxon Latxa, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Juan Carlos Perez musikariak, beste askoren artean.
Josu Zabala Arteolako kideak Aho bete kanta egitasmoaren nondik norakoak azaldu zituen. Atzodanik martxan den webgunearen berri eman zuen, halaber: www.ahobetekanta.arteola.com liburuan eta DVDan jasotako eduki gehienak kontsulta daitezke Interneten. Zabalaren irudiko, «Aho bete kanta egitasmoa musikaren hezkuntzak aspalditik zuen hutsunea betetzera dator». Musikari asko falta dira, esan duenez, abesti enblematiko ugari. «Lehen urratsa egin dugu, bide luze baten hasieran gaude». «Teknologia berriak baliatu izana ideia ezin hobea izan da», Zabalaren aburuz, «irakasleek beren beharren arabera molda ditzakete partiturak». Bixente Martinez musikariaren ustetan, egitasmoak sekulako ekarpena egingo dio musikaren irakaskuntzari. «Autodidakta izan naiz beti, kostatzen zait dakidana beste norbaiti irakastea, nik neuk ez baitakit ondo zelan ikasi dudan. Hortaz, garrantzitsua da material didaktikoa sortzea eta argitara ematea». Orain arte eskoletan erabili izan diren material eta metodoek, gainera, Euskal Herriko ikuspegirik ez dutela uste du Martinezek. «Modernoak dira, kanpokoak, asko amerikarrak, baina ez dira hemengoak. Euskal musikari buruz dagoen bakarra irakasleen borondate eta lan eskergaren ondorio da». Profesionalek materialaren prestaketan parte-hartu izanari egoki baino gehiago iritzi dio, «hala behar zuen».
«Irakasleek behar dute»
Juan Carlos Perezek egitasmoaren berritasuna nabarmendu du. Haren arabera, Europako beste herri batzuetan aintzat hartu dute hango herri musika, irakatsi beharreko errepertorioa zehazteko orduan. «Euskal Herrian ez dugu inoiz halakorik egin, eta bazen garaia».
Juan Antonio Urbeltz, Marian Arregi eta Bingen Mendizabal musikariek «ezinbesteko» iritzi diote Aho bete kanta-ri. Baita Maria Jose Ribate Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteko lehendakariak ere. «Irakasleek behar duten materiala da», ziurtatu du. Musika eskola guztietara bidaliko dituzte liburuaren eta DVDaren aleak.
MUSIKA. Alzheimerra ekiditeko tresna
'AHO BETE KANTA' EGITASMOAREN AURKEZPENA. Proiektuan parte hartu duten profesionalek Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuten atzo iluntzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu