MUSIKA. Argitaratu berriak.

2011ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
RITA INDIANA Y LOS MISTERIOS

'EL JUIDERO'

SONY

Karibeko musiken artean merengea izan daiteke topikoek gehien zamatuetako bat. Turistek aste betean lortzen duten pertzepzioaz gain, bada beste mundu musikal bat. Edo hori aldarrikatzera dator Rita Indiana idazle, aktore eta kantari dominikarra, Los Misterios taldearekin batera egindako lehen disko luze honekin. Batzuek, hau irakurrita, zera esango dute: 2011. urtea elektro merengearen urtea izango da. Ez dakit hainbesterako izango den, baina badirudi Calle 13 eta enparauen itzala ere iritsi dela Errepublika Dominikarrera. Dantzatu, gozatu eta pentsatu. ANDONI TOLOSA.

JOSE IGNACIO LAPIDO

'DE SOMBRAS Y SUEÑOS'

PENTATONIA

Inoiz ez da berandu. 091 taldeak gazteegi harrapatu zituenak eta Lapidoren bakarkako ibilbidea jarraitu ez dutenak garaiz dabiltza kantuak egitearen ofizioa ondo ikasita duen musikari hau ezagutzeko. Aurreko bi diskoetan, En otro tiempo, en otro lugar (2005) eta Cartografía-n (2008) goia jo ostean, apur bat behera egin du, baina, hala ere, ale on asko ditu De sombras y de sueños lanak. Aipa ditzagun, esaterako, Sueños que dejamos ir, La hora de los lamentos (Miguel Riosekin), Algo falla edo Paredes invisibles. Itxura klasikoko pop-rock kantuak dira, bizitzari eszeptizismoaz begiratzeko ohitura duen egile batenak. JON ESKISABEL

WILD HONEY

'EPIC HANDSHAKESAND A BEAR HUG'

LOVEMONK

Tamalez, iruzkin hau irakurriko duzuenotatik gutxik entzungo duzue gero Wild Honeyren lehen disko luzea. Baina merezi du, benetan. Martxoan iritsiko da disko dendetara. Egia badiotsuet, diskoa egunaren ordu jakinetan entzun behar da, bat lasai dagoenean. Oso kantu finek osatzen dute Epic Handshakes and a Bear Hug diskoa, kantu lasaiak dira, batek gustura besarkatzen dituenak. Disko polita osatu du Guillermo Farre madrildarrak, eta hitzak ere horrelakoak dira, batzuetan deserosoak badira ere. Maitasuna ere horrelakoa baita, polita baina deserosoa.ARKAITZ VILLAR
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.