GIORGIO BASSMATTI & YON VIDAUR
'APROPóSITO'
BIRRA Y PERDIZ
Inguruan hilotan egin diren pop kantu ederrenetakoak daude hemen. Gitarrarekin eta ahotsarekin pop-a egiten zuen Giorgio Bassmattik, baina, Yon Vidaurren laguntzaz, hamaika ñabardura gehitu dizkio bere musikari, eta pop-aren bost aldaera eskaini. DJ Invitado diskoko hit-a da, indie klub orotan pintxatu beharko litzatekeen twee-pop harribitxia, baina ez dira atzean gelditzen El mejor amigo de la mujer-en pop donostiar klasikoa, Pasos y traspasos-en power-pop-a, gitarra ehunduraz jositako Dale doble vuelta (a la puerta de casa) eta bukaerako Adiós, agua, lan txikizoragarri hori ixteko ezin aproposagoa. MIKEL LIZARRALDE
DAFT PUNK
'TRON: LEGACY'
WALT DISNEY RECORDS
Tron: Legacy filmaren musika da, eta Daft Punk-en ohiko doinuetatik aldentzen duen soinua dakar —film hori 1982ko Tron filmaren jarraipena da—. End of Line edo Derezzed doinuetan dantzalekua bilatu badute ere, diskoko gainontzeko abestiak soinu paisaiak dira, oso zinematografikoak guztiak. Bikote robotikoa laster estreinatuko den filmeko momentu batean ere azaltzen da, eta etorkizunean egingo duten biraren keinu bat izan daiteke hori. Bitartean, sokaz konposatutako doinu klasikoak entzungo ditugu, Daft Punken nortasuna faltan sumatzen duen lan honekin. ARKAITZ VILLAR
MAX CAPOTE
'CHICLE'
JJO MUSICA
Montevideotik dator artista hau. Egia esan, taldea da eta argazkietan agertzen dena Fabian Acosta kantaria da. Bigarren lan honetan, 60ko hamarkadako amerikar musikaren kontzeptua hartu dute hamar kantu hauek betetzeko: lelo kutsagarriak, motzak eta koloretsuak, erraz entzuten direnak. Ez dago estilo bakarra: rock, pop, funk, boleroa, surf, lounge, latino eta beste hainbat aire, gozatzeko. Maria Carolina, Culpable, No te voy a convencer edo Y ahora estás llorando kantuak bide horietatik abiatzen dira. Ez da iraultzailea, baina ustezko xinpletasun horrek nolabaiteko xarma dauka. JOSEBA MARTIN
MUSIKA. Argitaratu berriak.
MUSIKA. Argitaratu berriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu