DARREN HAYMAN &THE SECONDARY MODERN
'ESSEX ARMS'
FORTUNA POP-ACUARELA
Bakarkako ibilbideari ekitearekin bizitako bidegurutzea gainditzen ari da Darren Hayman. Pram Town-ek eroso aurkeztu zigun Hefnerreko burua, pop lelo itsaskorretatik urruti eta The Secondary Modern taldeak ehundutako folk moldaketei lotua, eta Essex Arms-ek bide berari segitzen dio. Aurrekoan bezala, ingurune jakin baten erretratua egin du, baina ez dago derrigor hitzei erreparatu beharrik kantu polit hauekin gozatzeko. Triste (Be Lonely) edo alai (Nothing You Can Do About It) jarrita ere, Essex Arms-i lasaitasuna, goxotasuna eta edertasuna darizkiolako ukelele, mandolina eta slide artean. Baditu harribitxi batzuk, hala nola Dagenham Ford.MIKEL LIZARRALDE
ASKOREN ARTEAN
'AFROCUBISM'
WORLD CIRCUIT 2010
Azkenean bete da Nick Gold ekoizle ospetsuak 1996az geroztik zintzilik zuen egitasmoa. Orduan Habanan bildu behar zituen musikari kubatar eta maliarrak bildu baititu hamalau urteren ondoren. Orduan ez zen posible izan, eta trukean Buena Vista Social Club diskoa sortu zen. Gaur egun posible izan da, eta urteko diskorik bikainenetako bat da honako hau. Musikarien zerrenda begiratzea besterik ez dago, disko «handi» horietako bat dela konturatzeko. Toumani Diabate, Bassekou Kouyate eta Kasse Mady Diabate, alde maliarra zuzentzen. Eliades Ochoa, Jose Angel Martinez eta Jorge Maturell, kubatarra. Goitik behera gozatzeko diskoa. Oso lan ona. ANDONI TOLOSA
AMA SAY
'REN FAN'
BONBERENEA EKINTZAK
Ortuellako taldea grabaketa estudiora bueltatu da... hamasei (amasay!) urte pasa ondoren. Orain dela bi urte taulara itzuli ziren; dena den, denbora hartu dute kantu berriak behar den moduan sortzeko. Hamabi kantu hauetan -diskoko pieza pare bat instrumentu hutsezko aire laburrak dira- antzinako soinu urduri eta gihartsua mantentzen dute, ohi bezala euskara eta ingelesa nahastuz Ibon Bilbaoren ahotsari esker. Betiko indie rock melodikoa eguneratu dute, batzuetan Mursegoren biolontxeloaz. Xanpe musikari eta teknikariak Jose Lastraren lekua hartu du diskoaren ekoizpen lanetan, diskoko giro desberdinak definitzeko. Jarraipen naturala, anyway. JOSEBA MARTIN
MUSIKA. Argitaratu berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu