Musika bidez gogoratuko dute 1937ko Gernikako bonbardaketa

Bilboko Koral elkarteak antolatu du kontzertu zikloa, eta emanaldi bana eskainiko dute Gernikan, Bilbon eta Madrilen, irailean

Atzo egin zuten kontzertu zikloaren aurkezpena, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2017ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Doinuekin oroitu nahi dituzte 1936ko gerran bonben zartadez hildakoak, Jose Migel Lanzagorta Bilboko Koral elkarteko lehendakariaren esanetan. «Kontzertuen bidez, Gernikako bonbardaketaren biktimak omendu nahi ditugu». Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren harira, Gernika 80 urte. Bakerako musika gerraren urteurrenean kontzertu sorta antolatu du Bilboko Koralak, eta hiru emanaldi egingo dituzte, «bereziak» diren hiru agertokitan: Gernikan, Bilbon eta Madrilen. «Proiektuaren helburua da herritarrak jabetzea beste pertsona batzuek beste toki batzuetan jasan edo jasaten dituzten gatazkez. Gatazkak ahatz ez ditzagun». Kontzertu bakoitzean kolaborazio ezberdinak izango ditu elkarteak. Atzo egin zuten egitasmoaren aurkezpena, Bilboko Guggenheim museoan.

Irailaren 22an egingo dute lehen kantaldia, Gernikako Andra Mari elizan. 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketan hautsi ez zuten eraikin bakarretakoa da eliza. Bilboko Korala ez ezik, Gernikako hiru abesbatza ere izango dira kantari: Gaudeamus korala, Andra Mari korala eta Seber Altube korala. Guztira 200 lagun baino gehiago elkartuko dira oholtzan. Pablo Sorozabal konpositoreak 1966. eta 1976. urteen artean sortutako Gernika hileta martxa ere abestuko dute abesbatza guztiek elkarrekin.

Gernikan izan ondoren, Bizkaiko hiriburuan egingo dute kontzertua, irailaren 29an, Bilboko Guggenheim museoan. Abesbatzaz gain, Christos Hatzis konpositore kanadarraren Everlasting Light requiemaren estreinaldia izango da. Eta hurrengo egunean joko dute Madrilgo Reina Sofia arte zentroan; Pablo Picasso margolariaren Gernika obra gordetzen duen museoan, alegia. Hatzisen obra eskainiko dute han ere, «gerrako izuaren eta Bizkaiko herrian bonbardaketak eragin zuen suntsipenaren eta heriotzaren aurkako kantu gisa». Bestalde, Bilboko eta Madrilgo emanaldietan Sorozabalen Gernika obraren bertsio berritua abestuko dutela iragarri du Bilboko koralak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.