EHMBE Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak datorren astean banatuko ditu 2018ko sariak, eta gaur aditzera eman du zein artistak jasoko dituzten sariak. Sei dira: Gabriel Erkoreka, Elkano Bowning Cream, Atom Rhumba, Izaro, Tosta Banda eta Juan Mari Beltran. Horrez gain, Kalakan taldeak Etxepare Euskal Institutuaren musika saria jasoko du.
Garbiel Erkorekak ONCE Espainiako Orkestra eta Abesbatza Nazionalaren Gutun Zuria jaso izana nabarmendu du EHMBEk, ekimen horrek "nazioarteko musikagile garrantzitsuenetako bat bezala" kokatzen baitu konpositorea, epaimahaiaren hitzetan. Elcano Browing Cream taldeari, berriz, Bor-bor diskoarengatik emango diote saria. "Taldea jazz garaikidearen apustua da; ez Euskal Herrian bakarrik, baita Europa mailan ere", esan du Myriam Miranda EHMBEko zuzendariak. Bestalde, Cosmic Lexicon lanarengatik sarituko dute Atom Rhumba taldea, eta epaimahaiak honakoa esan du lan horren inguruan: "Izugarria da: energiaz betea eta ikus-entzunezko lan indartsu batekin”. Izaroren Eason diskoari buruz, berriz, esan dute "oso lan profesionala" dela, eta euskal musikaren eszenan finkatu egin duela artista. Tosta Bandari dagokionez, nabarmendu dute taldeak kulturartekotasuna bultzatzen duela, eta hizkuntza gutxituei bozgorailu ematen diela.
EHMBEren sari berezia Juan Mari Beltranek jasoko du, Soinuenea-Herri Musikaren Txokoa proiektuarengatik. Horren barruan Beltranek egindako lana azpimarratu dute: "Lan nekaezina egin du Euskal Herriko herri musikaren ikerketa eta dokumentazio esparruan". Etxepare Euskal Institutuak, berriz, Kalakan taldeari egin dio aitorpena aurten, Euskal Herriko musikaren erroak nazioartekotzeko egindako lanarengatik, bai eta taldearen kalitatea, indarra eta adierazkortasunarengatik ere. Hain zuzen ere, sari horrek aintzat hartzen du sortzaileek euskal musika nazioartekotzeko egiten duten lana.
Musika Bulegoa proiektuak berrikuntza bat izan du aurten: formatu eta estilo guztiak onartu dituzte, parte hartzeko aukera musika sektore guztiari eskainiz. "Lehiaketa anitza, integratzailea eta irekia prestatu nahi izan dugu", adierazi du Mirandak. Hori dela eta, inoiz baino proposamen gehiago jaso dituzte aurten: 71. Horien guztien kalitatea azpimarratu du Mirandak: "Erronka izugarria izan da irabazleak aukeratzea". Sari banaketa astelehenean egingo dute, Iruñeko Baluarte aretoan.