MUSIKA. Crystal Castles, zalantzan

Abeslariak hankan min hartu du, eta gaur Porton eman behar zuen kontzertua bertan behera utzi du taldeak

2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Crystal Castles taldeko abeslari Alice Glassek min hartu zuen orkatilan herenegun, Madrilen eman zuen kontzertuan; ondorioz, Porton (Portugal) atzo egitekoak ziren saioa bertan behera utzi zuten. Musika elektroniko esperimentaleko bikotea iragarrita dago datorren larunbaterako Bilboko Kafe Antzokirako, baina azken orduko ezbeharrak zalantzan jarri du kontzertua. Hala ere, kontrakorik adierazi ezean, Ontarioko (Kanada) bikote hori Bilbon izango da.

Ikusmina piztu du Ethan Kath ekoizlearen eta Alice Glass kantariaren emanaldiak. Hain zuzen, bikoteak zalaparta handia sortu du 2008tik, Crystal Castles lehen diskoa kaleratu zuenetik. Estudio batean ezagutu zuten elkar, 2003an, eta Kathek 60 kanta instrumental pasatu zizkion Glassi, hitzak jarri eta ondoren kanta batzuk grabatzeko. 2005ean, ezkutuan, horietako batzuk Alice Practice diskoan agertu ziren. Biniloan eta edizio mugatuan kaleratu zen.

Taldearen arrakastaren baieztapena Crystal Castles-ekin iritsi zen, eta New Musical Express aldizkariak hamarkada honetako 50 disko onenen zerrendan sartu zuen; hirugarren postuan, hain zuzen. Elektronika gordin eta zikina melodia dantzagarriekin uztartzen ditu bikoteak. Bigarren diskoa Crystal Castles II da, eta Islandiako eliza batean, Ontarioko eraikuntzako kabina batean eta Detroiteko (AEB) garaje batean grabatu dute, besteak beste.

CRYSTAL CASTLES + FUZZY WHITE CASTERS

Lekua: Kafe Antzokia (Bilbo).

Noiz: Larunbatean, 21:30ean.

Sarrera: 17-30 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.