Musika

Musika estilo anitzak bilduko ditu Miarritzeko Big Festivalek

Besteak beste, Stromae, Placebo, Willis Drummond eta Belako arituko dira, uztailaren 16tik 20ra bitartean.

Belakoren kontzertua BIMEn. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
2014ko uztailaren 3a
11:18
Entzun

Duela sei urte ekin zioten Miarritzeko (Lapurdi) udak musikaz betetzen dituen Big Festival antolatzeari. Urtez urte lortutako arrakasta dela eta, Euskal Herriko musika jaialdirik garrantzitsuenetako bat dela azaldu du Iñigo Argomanizek, jaialdiko antolatzaile eta Get In Musikako sustapenerako zuzendariak.

Aurtengo edizioa uztailaren 16tik 20ra bitarte egingo dute, eta aurreko aldietako antolamenduari jarraiki, oraingoan ere egokitutako lau gune jarriko dituzte: Aguilera, Irati, Atabal eta Cote Des Basques. Musika estilo ezberdinetako 40 talde arituko dira gune horietan: batzuk Euskal Herrikoak; besteak, aldiz, nazioartekoak. Euskal Herriko taldeen artean, Belako eta Smile bizkaitarrak, eta Willis Drummond lapurtarrak izango dira. Nazioarteko taldeen artean, bestalde, Londresko Placebo, Belgikako Stromae, Frantziako Fauve eta Kamerungo Irma arituko dira, beste batzuen artean.

Gisa horretan, askotariko publikoa erakartzeko asmoa dutela adierazi du jaialdiaren antolamenduaz arduratzen den Lickshot promotorako zuzendari Sebastien Farranek. Sarreren prezioa gunearen araberakoa izango da, baina Farranek azaldu duenez, "maila ekonomiko guztietara" egongo dira egokituak. Kontzertuez gain, egunez ere egongo da jaialdian parte hartzeko aukera, familientzako doako planen bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.