MUSIKA. Filmak entzuten

Xabier Erkizia.
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Berriki zendu den Dennis Hopper aktore eta zinemagilearen Easy Rider izan zen zinemaren historian lehen aldiz aitzinetik existitzen zen musika pelikula narratibo batean erabili zuen filma. Horrela gelditu da behintzat idatzirik zinemagintzaren historiaren orri ofizialetan, nahiz eta horrelakoetan gertatu ohi den bezala, datuok edonoiz alda daitezkeen. Bertzela, ikusi zein erraz bihurtu den Concha Piquer zinemaren historiako lehendabiziko ahotsa, orain arte izendapen hori zuen Alan Croslanden jazz kantariari aitzinduz. Kontakizun ofizialak goiti edo beheiti, Hopperrek Steppenwolf talde hard-rockeroaren Born to Be Wild kantua Ipar Amerikako irudikari modernoaren-askatasuna, Harley Davidson motorraren indarra, mendebaldearen etengabeko konkista...- apologia egiteko erabili zuenean, automatikoki ereserki berri bat eraiki zuen, belaunaldi oso batentzako soinu banda. Orduko zinemagintzako soldatapeko konposatzaileen orkestrazioek sentimenduak eraginarazteko zuten gaitasuna gitarra distortsionatu eta bateria-baxu linea sinple bezain indartsu batengatik ordezkatu zuen Hopperrek. XX. mendeko bakeroak, beraz, ez ziren inoiz gehiago Max Steiner, Jerry Goldsmith eta John Williamsen orkestren erritmoan dantzatuko, 70eko hamarkadako rock gogorrak tenkaturiko elektrizitatearekin baizik.

Geroztik, zinemagile aunitzek erabili du aitzinetik egindako musika euren filmetan. Tarantino eta Jarmusch, adibidez, maisuak dira horretan, eta etengabe irudi eta soinuaren arteko elkarrizketa berriak proposatzen dituzte euren lanetan, berdin 50-60ko musika ezezagunak ezagutzera emanez (Reservoir Dogs) edo naturaltasun osoz flamenkoa metal esperimentalarekin nahasiz (The Limits of Control). «Badirudi soilik bost orkestra partitura dituztela eta euren artean trukatzen dituztela behin eta berriz [...]. Nik horrenbertze maite dut musika, min egiten dit paretan zintzilikatutako poster bat besterik ez izateak». Harritzekoak ez izateaz gain, Jim Jarmuschen hitzok errealitate nabarmen bat adierazten dute: filmetako musikaren homogeneizazioa, bere garaian Hopperrek xehetu zuen bera.

Soundtrack.net webguneak filmetan erabiltzen diren musiken erregistro moduko bat sortu du, zein film eta trailerretan zein musika erabili den jakiteko balio duena. Eta erakustera eman duena deigarria da: filmetan gehien erabiltzen den musika stock musika da, alegia kilora erositako musika prefabrikatu, errepikakor eta, Jarmuschek eta Hopperrek erranen luketen bezala, aspergarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.