MUSIKA. Guns N' Roses, berpizturiko rock sua

Los Angelesko taldeak 'Chinese Democracy' diskoa aurkeztuko du Donostiako Anoetako Belodromoan, igandean

gorka erostarbe leunda
2010eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Beste askok bezala, izan zuen garai hoberik Guns N' Roses Los Angelesko taldeak. 80ko hamarkada amaieran eta 90eko hasieran hard rockaren eta heavyaren elementuak uztartzen zituzten disko aipagarriak plazaratu zituen, belaunaldi oso baten ikur izatera iristeraino. Appetite for Destruction (1987) txalotuak eta Use Your Ilusion-en bi aleek (1991) talde sendo eta erreferentziazko bat agerrarazi zuten. Axl Rose kantaria zen gidari eta arima, eta Slash gitarra jotzaile ingelesa taldearen soinua ezaugarritzen zuena.

Zenbait lan arrakastatsuren ostean, ia batere onespenik jaso ez zuen The Spaghetti Incident kaleratu zuten 1993an, 70eko punk eta glam taldeen bertsioekin osatua. Orduz geroztik, taldeak gorabeherak izan ditu. Kide guztiak taldea uzten joan ziren, baita Slash gitarra jotzailea ere, eta Axl Rose baino ez zen geratu hasierako taldetik. Hamabost urte pasatu behar izan ziren beste disko bat atera bitartean. Chinese Democracy kaleratu zuten 2008an, eta aspaldian galdutako sua berreskuratu zuten, nahiz eta hastapen urteetako mailara ez iritsi.

Disko hori aurkezteko mundu bira iazko abenduaren 11n hasi zuen Axl Rosek gidatzen duen taldeak, Taipein (Taiwan). Igandean Donostiako Belodromoan izango dira kantu berriak eta beraien ibilbideko klasikoak tartekatuz. Egun, Rosek berak, Richard Fortusek, Ron Thal Bumblefoot-ek eta DJ Ashbak (gitarrak), Tommy Stinsonek (baxua), Frank Ferrerrek (bateria) eta Dizzy reed eta Chris Pitman teklatu jotzaileek osatzen dute taldea.

GUNS N' ROSES + SEBASTIAN BACH

Noiz: Igandean, 20:00etan.

Lekua: Donostiako Anoetako Belodromoan.

Prezioa: 50 / 120 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.